Finalari atea zabaldu dio Illarregik

Lesakako saioan puntu gehien eskuratuta, Illarregi finalean izango da. Harekin batera Anaitasunan arituko direnen zerrenda argitu da.

Joanes
Joanes Illarregi. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñigo Satrustegi.
2023ko azaroaren 19a
22:14
Entzun

Bostehun lagunen aurrean aritu ostean, Joanes Ilarregi izan da garaile Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoan, 525,5 punturekin. Tarte txikia atera dio bigarrenari, Eneko Lazkozi (521,5). Biak nabarmendu dira saioan. Segidan gelditu dira Josu Sanjurjo (492,5), Eki Mateorena (458), Mikel Lasarte (453,5) eta Beñat Astiz (401).

Hala, bada, Anaitasuna kiroldegian arituko diren finalisten zerrenda osatu da, faseko puntuazioaren arabera: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gogotik ospatu dute Anaitasunan aritzeko lekua eskuratu izana, bereziki Sanjurjoren eta Roblesen zaleek. Finaleko argazkia zerbait aldatu da; izan ere, Roblesek eta Karasatorrek lehen aldiz izango dute txapeldunaren garaikurra eskuratzeko aukera. Gainera, hogei urtean baino gehiagoan, lehen aldia izanen da bi emakumek finalean kantatuko dutena.

Sarrerak berehala agortu ziren finala jokatu aurreko azken saiorako. Espektatibak handiak ziren, zeinek lortuko finalerako zuzeneko lekua, zein sailkatuko puntuazioz finalean kantatzeko. Plaza bero eta giro bizia lortzeko asmoz, Lesakako kultur etxetik pilotalekura mugitzeak eta edukiera handitzeak, ordea, plaza hoztu ez ote duen eztabaidan aritu dira entzule batzuk, ganbara aurreko etenaldian.

Arratsaldeko lehen zatiak eta ariketek askorako eman dute. Bikote batzuk elkarri kantuan bideak oztopatzen aritu ote diren, batzuetan entzungor egin ote duten ere, izan da zer hausnartu. Ale onak suertatu dira han-hemen, hala ere. Zortziko handiko ofizioan, esaterako, Sanjurjo eta Lazkoz ikasketak bukatu berritan curriculumak bidali arren erantzunik jasotzen ez duten bi gazteren paperean jarri dituzte. Honela bota du Lazkozek, gaiari eutsita: «Praktiketara gindoazen ta/ guztia zen laudorio/ soldata eske goazenean/ ez dugu ezer balio». Saioko gazteenak, Mateorenak, entzuleen irriak eragin ditu zortziko txikian, giltzak hirugarrenez ahaztu, eta sarrailagilearekin atean ari dela: «Erradiografia batez/ hola eginez edo/ horrek balio al du/ ehun eta hogei euro?».

Alaitz Rekondok izan du gaiak jartzeko ardura, eta halaxe irakurri die lehiakideei ganbarako ariketan: «Ateko zirrikitutik begira ari zara. Sorpresa hartu duzu». Bertsolari adina hari mutur izan dira kasik. Esaterako, Desokupako langileak ikusi ditu ateaz bestalde Astizek. Josu Sanjurjok ama banandu berriari etxeko atea zabaldu dio, eta pisukide izateko gonbita egin. Illarregik eta Mateorenak bide bertsutik jo dute, sarri sesioan dabiltzan gurasoak ikusi dituzte; oraingoan, baina, lasai mintzatu dira.

Alde nabarmenez

Ilarregi eta Lazkoz hasieratik aritu dira koxka bat gorago. Euskal Herriko Txapelketan finalera iristeak gurpila eman dio Leitzakoari, eta argi geratu da txapela eskuratu nahi duela. Lazkoz, betiereko bigarren sailkatua, gustura aritu da, eta aise bete ditu ariketa guztiak.

Sanjurjok etxean jokatu ditu sailkapenerako puntuak. Zaleen berotasuna izan du une oro, eta, finalean lekua lortu duen arren, gai batek ihes egin dio ofizioetako ariketa batean. Hutsari erreferentzia egin dio gero, amaierako agurrean. Bakarka kantatzeko ariketan, berriz, buelta eman dio ordura arteko jarioari.

Astizek ideia berriak ekarri eta bertsoaldi ederrak egin ditu, baina ariketetan trabatu izana zigortu diote epaileek. Lasarte bereziki ongi aritu da zortziko txikian, eta, oro har, saio txukuna egin du. Zein eskolakoa den argi utzi du Mateorenak bere kantaerarekin, eta, gazte izanagatik ere, azken oinera arte aritu da jo eta su.

Datorren astea azken entrenamenduak egiteko baliatu beharko dute bertsolariek, bi aste barru izanen baita azken saioa, Iruñeko Anaitasunan. 3.000 lagunen baino gehiagoren aurrean arituko dira zortzi bertsolariak. Helburuak helburu, gozatzeko promesa egin dute beren saioetako agurretan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.