Parte hartzaileek EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza graduko nahiz Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasle edo ikasle ohiak izan beharko dute, eta gradu amaierako lana 2024an egina eta aurkeztua izan beharko dute, euskaraz, gutxienez 9ko kalifikazioa lortuta.
Saria nori emango zaion ebazteko, epaimahai misto bat eratuko da: batetik, BERRIAko hiru lankide izango dira, eta, bestetik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza graduko irakasle bat eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko beste bat.
Lanaren interesa baloratzeko, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: komunitate zientifikoari eta gizarteari egindako ekarpena, euskarriari dagokion narratibaren kalitatea, edukien alderdi formalen eta estetikoen erabilera zuzena, eta zorroztasun metodologikoa.
Martxoaren 31 izango da lanak bidaltzeko azken eguna, eta maiatzaren 29an ebatziko da nor den sariduna.
Deialdiaren oinarriak eta informazio guztia hemen irakur daitezke: https://www.ehu.eus/eu/web/gizarte-komunikazio-zientzien-fakultatea/-/komunikazioko-gralen-berria-saria-2024-2025