Otsailaren 20an, 20 urte bete ziren Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Urteurrena aintzat hartu eta herri ekimenaren garrantzia azpimarratzeko, Orereta ikastolak Egunkariatik Berriara, 20 urte egitasmoa antolatu zuen Kilometroen barruan.
BERRIA Ikasgelan Egunkaria-ren sorreraz eta itxieraz, Egunero-ren jardunaz eta BERRIAren sorreraz dauden edukiak baliatuz, Orereta ikastolako DBHko ikasleek Egun oro agerkaria ekoitzi zuten, erreportajeak idatziz. Horrez gain, bisita bat egin zuten errotatibara, zenbait astez landutakoaren emaitza zuzenean ikusteko.
Otsailaren 20an, Imanol Murua kazetariak Egunero behar genuen liburua aurkeztu zuen Lekuona fabrikan, lankideez, lankide ohiez eta auzian inputaturiko zenbait lagunez inguraturik. Otsailaren 22an, Paperezko hegoak eman zuten Niessen auditoriumean, Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko dokumental bat. Otsailaren 23rako, berriz, herriko zenbait sortzailek eta Egunkaria-ko langileek ekitaldi ibiltari bat egin zuten herriko hiru tabernatan. Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunak eman zion amaiera bikaina asteari, otsailaren 24an.