Hizlandia-k literatura izango du ardatz, eta Kulturaz kooperatibak eta BERRIAk osatu dute, elkarlanean. Podcastaren atal bakoitza liburu bati eskainiko zaio, eta horretarako, kultur munduko gonbidatu bat izango da atal bakoitzean. Xabier Gantzarain Etxanizek gidatuko du podcasta, eta 20-30 minutu iraungo du saio bakoitzak. Hilean behin jarriko dituzte atalak sarean.
Urubia podcasta, berriz, Ipar Euskal Herriko gazteek sortutakoa da, BERRIA eta Bada hedabideen arteko elkarlanean oinarritua, eta Leire Casamajou eta Julene Muruaga BERRIAko kazetariek aurkeztuko dute. Atal bakoitzean aktualitateko gai bat hautatu, eta zenbait ardatz eta ikuspuntutatik jorratuko da. Hilabetean behin entzun eta ikusi ahalko da Urubia, filmatu ere egingo baitute, podcast formatuan emateaz gain.