Parte hartzea Kilometroak jaian, Azpeitian
2024ko urriaren 6an ospatu zen Gipuzkoako ikastolen jaia, Azpeitian. BERRIAren gunera hurbildu zen Amaia Etxaniz, eta bertan bete zuen saritua suertatu den boletoa. Irabazlea azpeitiarra da, eta egun hartan boluntario lanetan zebilen ikastolen jaian: “Boluntario lanak amaitu, eta jaiko guneetatik buelta bat eman nuen; hantxe topatu nuen BERRIAren gunea, eta zozketan parte hartu nuen”. BERRIAren deiari erantzun dionean, honela aitortu du azpeitiarrak: “Inoiz ez zait ezer egokitzen, eta sari hau ederra da!”.
Mila parte hartzailetik gora
Euskal Herriko txoko askotan egon da BERRIA, komunitatearekin irudi galeria osatzen. Senpereko lakuaren inguruan Herri Urratsen, Ibilaldiarekin Getxon, Olarizuko zelaietan Araba Euskaraz-en, Euskal Eskola Publikoaren Jaian Ordizian, Azpeitian Kilometroetan eta Zangozan Nafarroa Oinez-en. Guztira, milatik gora lagunek parte hartu dute BERRIAk eta IKAIVANSek elkarlanean antolatutako zozketan.