Indar politiko nagusien artean, boto eta parlamentari kopuruan igo den alderdi bakarra izan da EH Bildu. Laura Aznal lehendakarigaiaren arabera, «Nafarroan emaitza historikoak» lortu dituzte. Udaletan lehen indarra dira oraindik ere, eta Nafarroako Parlamentuan hirugarrena. Hori ikusirik eta hurrengo legealdian «are erabakigarriago» izateko asmoz, Aznalek PSNri ohartarazi zion ez dela bazterketarako garaia.
Parlamentuan Maria Txibite Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkaritzekin bilerak egiten ari zen bitartean egin zuen agerraldia Aznalek, parlamentuko taldeko kideekin. Txibiteren adierazpenen berri izan aurretik hitz egin zuen, eta «logikotzat» jo zuen PSNk gobernuko bazkide izan direnekin bildu nahi izatea lehenik.
EH Bilduk agertoki politikorako zer printzipio dituen laburbildu zuen. Adierazi zuen herritarren borondatea errespetatzeko asmoa dutela, eta emaitzek akordioak egiteko «ardura handi bat» utzi dietela alderdiei. Haren esanetan, «boto gehien dituen indar aurrerakoiari dagokio lidergoa hartzeko ardura erakunde guztietan, hala gobernuan nola udaletan». Iruñean EH Bilduri dagokiola gogorarazi zuen: «Eskua luzatzen dugu, eta, norbaitek udalaren gobernua eskuinari oparitu nahi badio, haiek azaldu beharko diete herritarrei».
Nafarroako Gobernuari begira, «fase berri bat» ireki behar dela deritzote, «eskuinaren politikek eta erritmoek ez baldintzatzeko». Hala, prest azaldu da Nafarroako Gobernuan ere «eskuinari atea ixteko».
Aznalek sozialistei ohartarazi die ez dela bazterketarako garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu