Zuzenean

Argindadarraren itzalaldiak bizimodua, zerbitzuak, telekomunikazioak eta garraioa gelditu ditu

Argindarra eten da gaur eguerdian Hego Euskal Herrian, eta Iberiar penintsula osoan. Hainbat zerbitzu bertan behera geratu dira eta komunikazio sareak ere eten dira. Egoera ari da onera itzultzen, pixkanaka, baina gauean argindarrik gabe jarraitzen dute herri batzuetan. Pradalesek ohartarazi du asteartean ere ez dela izango egun arrunta.

Jendea kalean, Bilbon, lantokietan argindarrik gabe geratu ostean. IMANOL MAGRO
Jendea kalean, Bilbon, lantokietan argindarrik gabe geratu ostean. IMANOL MAGRO
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 28a
21:40
azken momentuan

15 gigawat bost segunduan

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek 22:50 inguruan egindako agerraldian adierazi du ez dagoela argi zerk eragin duen itzalaldia. 12:33 zirenean, sare elektrikotik galdu ziren hamabost gigawatt, eta bost segundo eskasetan desagertu ziren. «Hori ez da inoiz gertatu», zehaztu du Sanchezek. Momentu horretan sare elektrikoan kontsumitzen ari zen energia guztiaren %60 zen hori. Baina itzalaldi hori zerk eragin zuen, ez du argitu. Ikertzen ari direla, eta jakitera iritsiko direla. «Ez dugu hipotesirik baztertzen». 

Euskotren konpainiak zerbitzu gehienak berreskuratu ditu

Ermua eta Durangoko tartean izan ezik, Euskotren konpainiak zerbitzuaren normaltasuna berreskuratu du arratsaldeak aurrera egin ahala. Beraz, ohiko ordutegian ari dira zirkulatzen trenak, Bilbo eta Gasteizko tranbiak eta funikularrak. Donostia eta Bilbo arteko linean, ordea, Amara-Ermua eta Durango-Bilbo zatietan dabiltza trenak. Ermua eta Durango artekoa berreskuratzeko lanean ari direla esan du konpainiak.

Normaltasunera itzultzeko «orduak edo egunak» beharko direla ohartarazi du Pradalesek

Lehendakariak iragarri du biharkoa ere ez dela egun «normala» izango. 
 

 

11 pertsona hiru orduz igogailu batean harrapaturik, Eibarren

Denera 11 pertsona, sei haur eta bost heldu, harrapaturik egon dira hiru orduz Eibarko (Gipuzkoa) igogailu publiko batean. Aldatze inguruko eskoletatik Eibarko erdialdera jaisteko igogailuan sortu da egoera. Guraso taklde batek haurrak jaso ditu eskolatik, eta igogailua ez gora ez behera geratu da, 26 metroko ibilbidearen erdian, itzalaldia gertatu denean. Suhiltzaileak heldu dira, eta igogailuen teknikarien laguntzaz, sokekin igo dute kabina. Hiru ordu eta erdi behar izan dituzte erreskatea gauzatzeko. Lekukoen arabera, helduen artean emakume haurdun bat zegoen, eta harrapaturiko guztiak lasai egon dira une oro. Suhiltzaileek ura helarazi ahal izan diete, erreskatatu bitartean. Onik atera dira guztiak.

Bilboko, Iruñeko eta Tuterako geltokiak zabalik edukiko ditu Adifek gaur gauean

Bilboko, Iruñeko eta Tuterako (Nafarroa) geltokiak zabalik edukiko ditu Adifek gaur gauean, bidaiariek han gaua pasatzerik izan dezaten. Oscar Puente Espainiako garraio ministroak azaldu duenez, tren bat hartu behar eta beste aukerarik ez duen jendeari aterpea eskaintzea da neurriaren helburua. Izan ere, distantzia ertain eta luzeko trenak bertan behera utzi dituzte gaurko, Iberiar penintsulako gune asko oraindik argindarrik gabe daudelako. Gaineratu duenez, argindarra itzuli eta bi orduko epean zirkulazioa berreskuratzeko asmoa dute.

Itziar Zubia Olaskoaga, EHUko Ingeniaritza irakaslea: «Logikoena iruditzen zait akats tekniko bat izatea»

EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslearen arabera, oraindik goizegi da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik. 

 

Sanchezek erran du ez dagoela argi zerk eragin duen etenaldia

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du, eta adierazi lanean ari direla argindar etenaldiaren jatorria zein den argitzeko: «Oraindik ez dugu informazio guztiz argigarririk, hobe da espekulaziorik ez egitea, baina guk ez dugu hipotesi bakar bat ere baztertzen». Nabarmendu du ez dagoela segurtasun arazorik, eta osasun sistemak «ongi» funtzionatzen duela. Garraio sisteman dago arazo gehien, eta Adif-ek errandakoaren bidetik, Sanchezek baieztatu du gaur ez dela berrezarriko distantzia ertain eta luzeko tren zerbitzua.

Herritarrei hiru gomendio egin dizkie: ahalik eta gutxien mugitzea autoz, informazio iturri ofizialak erabiltzea eta «modu arduratsuan» erabiltzea sakelako telefonoa —112 zenbakira behar denean soilik deituz, eta deiak ahal bezain laburrak eginez—. Espainiako Nazioaren Segurtasunerako Kontseiluak bigarren bilera eginen du 19:00etatik aurrera.

Iruñea: oinarrizko zerbitzuak argindar sorgailu propioen bidez; gainerako guztia, etenda

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan larrialdiko energia sistema piztu dute, oinarrizko arta bermatu ahal izateko. Iruñeako enpresa eta saltoki gehienek ateak itxi dituzte. Kronika osorik, hemen.

Adif-ek jakinarazi du gaur ez dutela tren zerbitzua martxan jarriko

Adif-ek jakinarazi du gaur, momentuz bederen, ez dutela tren zerbitzua martxan jarriko.

16:00ak bitarte, 56 irteera egin dituzte Bizkaiko suhiltzaileek

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, suhiltzaileek 56 irteera egin dituzte etenaldia hasi denetik 16:00ak bitarte. Horietako ia gehienak igogailuetan harrapatuta geldiitu diren herritarrak artatzeko izan dira.

Frantziako operadore elektrikoak Espainia eta Portugal lagunduko dituela iragarri du

Frantziako operadore elektrikoak adierazi duenez, hainbat laguntza talde lanean ari dira dagoeneko Espainiako eta Portugalgo argindar sarea berrezartzen. Sare sozialen bidez zabaldu dute mezua.

Bilboko hegoaldeko saihesbidea ireki dute

Bilboko hegoaldeko saihesbidea berriz ere ireki dute. Izan ere, argindar etenaldiaren ondorioz tuneletako argiak itzali dira, eta segurtasuna bermatzeko bidea itxita egon da.

Normaltasuna Noaingo eta Loiuko aireportuetan

Noaingo (Nafarroa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuetan ere argia joan den arren, apenas izan du eraginik horien jardunean, eta ohi moduan lan egin ahal izan dute.

Ursula von der Leyenek adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin solastatu dela

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin solastatu dela, eta jakinarazi diola Batzordearen laguntza izanen dutela. «Ahaleginak koordinatuko ditugu, eta informazioa partekatuko dugu elektrizitate sistema berrezartzeko», adierazi du X sare sozialean.

Adif-ek jakinarazi du tren zerbitzu guztiak bertan behera daudela, eta geltokietara ez joateko eskatu du

Adif-ek jakinarazi du tren zerbitzu guztiak bertan behera gelditu direla argindar etenaldiagatik, eta, hortaz, geltokietara ez joateko eskatu du.

Interesgarria izango zaizu
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.