Ganbila: euskal teatroaren dokumentazio zentro baterako lehen harri digitala

Ehaze elkarteak eta Susa argitaletxeak osatu egin dute orain arteko 'Ganbila.eus' atariaren eskaintza, eta dokumentazio lanak duen garrantzia nabarmendu.

Susako eta Ehazeko kideak, Donostian, 'Ganbila.eus' webgune berritua aurkezten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Susako eta Ehazeko kideak, Donostian, 'Ganbila.eus' webgune berritua aurkezten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Euskal antzerkigintzaren hari solte eta sakabanatuei mataza ordenatu bat eskaintzea. Funtsean, hori da Ganbila.eus atariaren helburua. Oier Guillan Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen elkarteak eta Susa argitaletxeko kideak gogoratu duenez, urteak daramatza euskal antzerkigintzak euskarazko teatroarentzako dokumentazio zentro bat eskatzen, baina halakorik heldu artean, hain zuzen ere hori da, «digitalki behintzat», webgune horren bidez egiten hasi direna. «Hutsune hori betetzetik gertuen egon daitekeen proiektua da hau».

Euskarazko antzerkigintzaren datu baserik handi eta zehatzena osatu nahi dute webgune horretan, informazio hori guztia ikasleen, ikertzaileen, programatzaileen eta antzerkigileen esku jartzeko.

Ehazek eta Susak 2019an jarri zuten martxan Ganbila izeneko bilduma. Euskarazko antzerki testuak liburu modura argitaratzeko baliatu dute hori ordutik, eta 23 liburu kaleratu dituzte geroztik. Gainera, Ganbila.eus orrialdea ere abiatu zuten 2022an, eta bi helburu izan ditu proiektuak hasieratik: euskarazko antzerkigintzaren inguruko dokumentazio ahalik eta osoena biltzea, batetik, eta azken hamarkadetan argitaratutako liburuen eta estreinatutako lanen datu basea osatuz joatea, bestetik. Beste urrats bat egin dute orain, webgune osoagoa eskainita.

Atarian jadanik bazegoen teatro testuei eskainitako atal bat, 167 obraz osatua. Hemeroteka atalak kritikak, kronikak, erreportajeak eta elkarrizketak biltzen zituen, 1.054 artikulu denera. Bazegoen ikus-entzunezkoei eskainitako gune bat ere, 43 antzezlan oso, 87 teaser eta lau antzezlan zati biltzen zituena. Eta Ehazek eta Susak elkarlanean kaleratzen duten Ganbila bildumako liburu guztiak ere ikusgai izan dira Ganbila atalean. Beste hiru atal gehitu dizkiote orain.

Antzerkigileen zubitegia

Antzerkigileen zubitegia da haietako bat, eta antzerkigileei buruzko informazioa biltzen du. Alfabetikoki ordenatuta topatuko ditu bisitariak euskal antzerkigileen izenak, eta, haietako bakoitzak taularatutako lanei buruzko datuak ez ezik, antzezlan horiei eskainitako elkarrizketak eta erreportajeak ere kontsultatu ahalko ditu. Konpainien zubitegia izeneko atalak ere berdin funtzionatzen du, eta, kasu honetan, taldeei buruzko fitxak biltzen ditu. Azkenik, euskarazko estreinaldien berri ematen duen beste atal bat ere badu orain webguneak.

Euskaraz estreinatutako ehunka antzezlani buruzko informazioa biltzen du webguneak egun, baina datuak biltzen jarraitzea da proiektuaren sustatzaileen asmoa. Azken 30 urteetako estreinaldi ia guztiak daude bertan, baina badira XX. mendeko estreinaldiei buruzko aipamenak ere. Izan ere, denborarekin, gero eta atzerago egitea da asmoa, proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, «historikoa osatuz». Orain artean «sekula egin gabeko lana» da hori, Guillanen hitzetan. «Honen bitartez sortzen ari den datu basea nabarmentzekoa da».

Azaldu duenez, antzezlan guztien fitxa artistikoak erregistratuta daude, gainera, eta azaltzen diren izen guztiek dituzte esteka propioak. «Eskaintzen diren datuak oso zabalak dira.

Etorkizunera proiektatzea

Dokumentazioak duen garrantziaz ere egin du gogoeta Guillanek. «Guretzat, dokumentazioa ez da soilik iraganera begiratzeko modu bat, baizik eta orainean eragiteko eta etorkizunera proiektatzeko tresna bat, eta euskal antzerkigintzak ez du orain arte horretarako modurik izan. Oso sakabanatuta egon da». Are gehiago. «Euskarazko antzerkigintzak zailtasun handiak ditu Euskal Herrian ezaguna izateko, eta horrek eragin zuzena dauka, adibidez, euskarazko antzerkigintza programatzeko eta ezagutarazteko. Gezurra badirudi ere, euskarazko antzerkigintzaren parte handi bat ezezaguna da Euskal Herriko kultur programatzaile eta eragile askorentzat, eta, ondorioz, euskarazko antzerkigintzaren inguruan aurreiritziak gailentzen dira».

«Euskarazko antzerkigintzaren parte handi bat ezezaguna da Euskal Herriko kultur programatzaile eta eragile askorentzat, eta, ondorioz, euskarazko antzerkigintzaren inguruan aurreiritziak gailentzen dira».

OIER GUILLAN Ehazeko eta Susako kidea

Horregatik aldarrikatu du «urgentea» dela euskarazko antzerkigintzari begiratzeko modua aldatzea. «Begirada aldatzeak eragina izan dezake antzerkia sozialki ulertzeko dugun moduan eta kultur politikak ulertzeko dugun moduan».

Guillanek azaldu duenez, bada beste hutsune bat ere. Haren hitzetan, oraindik ere aktibo daude 1980ko hamarkadako «euskal antzerkiaren eztandan» lanean hasitako antzerkigileak, bai eta, «gutxienez», beste bi edo hiru belaunaldi gehiago ere. «40 urtean egin den lan guztia ez da aitortu, ez da jaso, ez dago non topatu, eta Ganbila.eus-ek ere balio dezake lan horren aitortza egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.