Donostiako Zinemaldia

Harrera beroa jaso du 'Loreak' filmak

Joxe Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako film hori Sail Ofizialean aurkeztu dute gaur.

Loreak filmeko zuzendari eta aktoreak, Donostian. JON URBE, ARP
mikel lizarralde
2014ko irailaren 23a
13:58
Entzun

Aurreneko aldiz, euskara hutsez filmatutako lan bat da aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian: Loreak. Joxe Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendu dute filma, eta gaur goizean aurkeztu dute Kursaaleko auditoriumean; txaloka hartu dute ikusleek.

Izenburuak dioen bezala, loreak dira filmarenleitmotiv-a. Ezezagun baten loreak jasotzen ditu astero-astero Anek (Nagore Aranburu), eta loreak jartzen ditu Terek (Itziar Aizpuru) Beñat semea (Josean Bengoetxea) auto istripuz hildako lekuan ere. Lourdesek, Beñaten emazteak (Itziar Ituño) osatzen du filmeko trama guztiak harilkatzen dituen triangelua.

Bi zuzendariek gaur goizean azaldu dutenez, filmarekin hainbat generotara hurbildu nahi izan dute. Izan ere, dramarekin batera, suspensea ere gordetzen du filmak. "Kontzeptu eta genero nahasketa interesatzen zitzaigun", adierazi du Goenagak.

Emakumeak dira filmaren ardatza, eta horrek zailtasun berezirik ekarri dien galdetuta, ez diote garrantzi berezirik eman nahi izan. "Ez dugu esfortzu berezirik egin behar izan. Naturaltasunez egin dugu". Hain zuzen ere, bi zuzendariek elkarrekin egindako aurreko film luzeak ere (80 egunean) bi emakume zituen protagonista.

Euskaraz egin zuten 80 egunean filma, eta euskaraz filmatu dute Loreak ere. "Naturaltasunez", bi zuzendariek aitortuta. "80 egunean prestatzen hasi ginenean, elebiduna izatea zen hasierako asmoa. Baina finantzaketa kontuengatik, azkenean, euskara hutsez egin genuen. Hau natural-natural etorri da". Goenagak eta Garañok uste dute euskarazko filma izateak zaildu egingo duela Espainiako merkatuan banatzea, baina ez diote ikusten arazorik beste herrialde batzuetara iristeko. Izan ere, Garañok eta Goenagak diote Loreak filmak kontatzen duen istorioa "unibertsala" dela Euskal Herrian oso kokatua egon arren

Filma gaur gaueko hamarretan emango dute berriro Kursaaleko auditoriumean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.