'herriko tabernen auzia'

103 'herriko' konfiskatzeko agindua, "ETAren egitura" finantzatzeagatik

Urtebete eta hiru hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorrak jarri dizkiete hogei laguni. Epaia ez da gauzatuko irmoa izan arte, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko asmoa du defentsak.

Joseba Permach, auziaren sententzia salatzeko elkarretaratzean, atzo, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2014ko uztailaren 31
12:54
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak bere egin du fiskaltzaren tesia, eta beste kolpe bat eman dio ezker abertzaleari: 103 herriko taberna konfiskatzeko agindu du, eta kartzela zigorra ezarri die hogei laguni. Erabakia ez da irmoa oraindik. HB, EH eta Batasunaren legez kanporatzearen atarikoa izan zen Baltasar Garzon epaileak irekitako instrukzioa, eta orain ebatzita geratu da «dena da ETA» teoriaren azken kapitulua. «ETAren egituraren» parte izan dira HB, EH eta Batasuna, baita herriko tabernak ere: «fronte instituzionala» eta «finantza egitura».

HB eta Batasuneko zortzi mahaikideri «ETAren fronte instituzionala» osatzea leporatu diete, eta, beraz, ETAko kide izatea. Hiruna urteko espetxera eta seina urteko erabateko inhabilitaziora zigortu dituzte Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez, Juan Cruz Aldasoro eta Karmelo Landa. Delitu bera egotzi arren, urte eta erdiko kartzela zigorra eta launa urteko inhabilitazioa dute Antton Morcillok, Floren Aoizek eta Jon Gorrotxategik. Epaiketan, akusazioek ere onartu zuten «luzamendu bidegabea» egon dela prozesuan, batzuen kasuan, «larria», eta beste batzuenean, «oso larria». Hori aintzat hartuta jaitsi zituzten hasierako eskaerak, eta argudio hori erabili du epaimahaiak ere zigorrak zehazteko orduan, ia 500 orrialdeko sententzian.

Gehienak lehen ere egonak dira preso behin-behinean, Batasuneko eta ETAko kide izatea egotzita, denak auzi beragatik ez izan arren. Esaterako, Segurako (Gipuzkoa) sarekadaren ondorioz. Hiru urtetik gora preso eginak ditu Etxeberriak; bi urte eta bost hilabete Permachek, Aldasorok eta Alvarezek; eta bi urte Landak. Epaia irmo bihurtzen bada, geratzen zaizkien zatiak bete beharko lituzkete azken laurek.

Herriko tabernen zatiko auzipetuei, berriz, ETAri laguntzea egotzi diete, epaileen esanetan, «ETAren egitura» finantzatzen zutelako elkarte haiek. Urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diete Bixente Enekotegi, Jose Luis Franco, Enrike Alaña, Maite Amezaga, Juani Lizaso, Jon Martinez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaitz, Jaione Intxaurraga, Agustin Rodriguez, Izaskun Barbarias eta Ruben Andres Granadosi. Gainera, Banaka S.A, Eneko S.A, Erosgune S.L eta Eustatza enpresak desegiteko agindu dute.

Hala, Espainiako Estatuaren eskuetara pasatuko lirateke zigortutako 103 herriko tabernak. Hamabi urteko prozesuak eragindako kostuez gain, kalte ekonomiko handia litzateke hori elkarteentzat, gaur egun duten jarduera ekonomikoa eta sortzen dituzten lanpostuak aintzat hartuta. Zer esanik ez, kalte politikoa, ezker abertzalearen inguruko herritarren bilgune diren heinean.

Epaia tinko egin arte, ordea, ez da gauzatuko ez auzipetuen aurkako zigorrik, ezta herriko tabernen aurkako neurririk ere. Aurrena, auzipetu guztiei banan-banan jakinarazi beharko die epaia Auzitegi Nazionalak. Azken jakinarazpena egiten denetik kontatzen hasita, bost eguneko epea izango du defentsak Gorenean helegitea jartzeko. Horretarako asmoa dutela jakinarazi dio BERRIAri Iñigo Iruin abokatuak, eta helegitearen tramitazioak gehienez urtebete iraun dezakeela.

«Fronte insituzionala»

Angel Hurtado Adrian, Julio de Diego Lopez eta Clara Bayarri Garcia magistratuek osatzen zuten epaimahaia —boto partikularra egin du azken horrek—. Auzia bera bezala, bi zati nagusi ditu sententziak ere. «ETAren fronte instituzionalari» buruzkoa da lehenengoa; hau da, HB, EH eta Batasunari buruzkoa. Epaileen esanetan, ETAk «josi zuen instituzio egitura hori, HB, EH eta Batasunaren bidez», erakundeetan bere «tesiak ezartzeko». Azken batean, ETAren estrategia zen «instituzioak kontrolatzea». Horretarako, desdoblamenduaren teoria jarraituz, magistratuen ustez, ETAk «konfiantzazko kideak» jartzen zituen alderdi politiko haietan, «zuzenean», edo KASen bidez: «ETA, fronte militarraren itxura soilik eman arren, instituzioetan infiltratzen zen».

Auzia bera «legez kanporatzearen helburu politikoarekin» sortu zela salatu izan dute auzipetuek, eta, garaiaren arabera, beti erabili izan dutela ezker abertzalearen aurka jotzeko. Politikoa izan dela epaiketa ere. Epaileek sententzian bertan erantzun diete. Ez gara epaiketa politiko baten aurrean egon, izenburu horixe jarri diote atal bati. Hala azaldu dute: «Epaitu dena ez da jarduera politikoa, baizik eta jarduera haren mugak gainditu izana, eta hura erakunde terrorista baten zerbitzura egitea». Defentsak azaldutako arrazoietako bat izan zen nola litekeen legezko alderdi bateko jardueragatik «erakunde terroristako kide» izatea, auzipetuek ez bazekiten ondoren legez kanpo utziko zutela alderdi hori. Hori «aitzakia formal bat» baino ez dela dio epaimahaiak, izaera hartaz baliatzen zelako «egitura terrorista», eta ebatzi du auzipetuek bazutela «legez kontrakotasunaren kontzientzia».

Herriko tabernei lotutako zatia da bigarrena. Epaimahaiak dio HBk «kontrolatu» egiten zuela «herriko tabernen sarea»; batez ere, 1992tik aurrera. Magistratuen arabera, elkarteak «behartuta» zeuden «ETAren egitura» finantzatzera, eta hori zen, gainera, guztiak batzen zituena. Tabernak ETAk eta «haren inguruko erakundeek» erabiltzen zituztela diote; oro har, «Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu osoak». Gainera, «borroka armatuaren adierazpideetarako azpiegitura» gisa erabiltzen zirela, «partikularki, 'kale borroka' deitutako bertsiorako».

Hori baieztatzeko frogen artean, ustez ETAri atzemandako dokumentu bat dago: Udaletxe proiektua. Defentsak zalantzan jarri izan du, eta aurreko auzi batzuetan auzitegiek sinesgarritasunik ez diote eman.

Boto partikular bat

Epaimahaiko hiru magistratuetatik batek ez du babestu tesi nagusia. 80 bat orrialdeko boto partikularra idatzi du Clara Bayarrik: absoluzioa eskatu du denentzat, eta libre uzteko herriko tabernak ere. Haren arabera, ez da frogatu «militantzia bikoitzik», baizik eta soilik «ezkerreko militante independentista gisa izandako jarrerak». Hau da, ez dago frogarik esateko auzipetuak HBn eta ETAn ari zirela aldi berean «KASen, Ekinen edo Segiren bidez».

Azken horiek «erakunde terrorista» izendatutakoak dira, eta hor dago gakoetako bat Bayarrirentzat, «erakunde terrorista baten inguruko erakundeek merezi duten tratuan». Gogora ekarri du Batasunaren jarduerak administratiboki soilik eten zituela Gorenak. «Inongo akusaziok ez du eskatu hiru alderdi politiko hauek terrorista izendatzeko Zigor Kodeko 515. artikuluaren arabera, beraz, ezin zaie aplikatu artikulu hori». Hala ere, zigorrak ezarri dituzte. Orain, Gorenak hitz egin beharko du berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.