Ekitaldiaren hasieran, Teresa Todak eta Joseba Azkarragak hartu dute hitza, Zuloaga plazan. Orain arte zehaztutako helburuen ildotik, nabarmendu dute preso eta iheslarien eskubideen aldeko "ekarpen oro ezinbestekoa" izango dela "konponbidearen amarauna josteko".
"Aniztasunetik", gutxieneko batzuk adostea da haien asmoa, eta hortik "giza eskubideen urraketak amaitzeko dinamikak" lantzea.
Sare-ren helburua "euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen herri sare bat ehuntzea" izango da. Xede horretan, herritarren sareak "itxaropenaren atea" zabalik izango du. Naroa Sasieta, Oihana Llorente eta Maider Ansa ere izan dira bozeramaileen artean.
Hitzak ez ezik, ekintzak ere izan dira ekitaldian, kulturari lotutako hainbat adierazpide plazaratu baitituzte hainbat lagunek: bertsoak, poesia musikatua, dantza eta beste egon dira.
Sare sarearen irudi koloretsua aurkeztu ondoren, ekitaldira bertaratu direnek amarauna irudikatu dute, elkar besotik hartuta.
Herritarrak, protagonista
Martxoaren 15ean aurkeztu zuten 25 pertsona ezagunek San Telmoko Adierazpena, "siglak eta alderdikeriak" alde batera uzteko deia eginez. Helburuak adostuta, "norbanakoen sare herritarra" ehundu nahi dute: "Aniztasunean, elkartasunean eta errespetuan oinarrituta".
"Mugitzen dena, mugitzen duena, dinamikoa, berritzailea eta jendartean txertatua dagoena. Bidea luzea izango dela eta oztopoak izango ditugula jakin arren, eraginkorrak izan nahi dugu gure helburuak lortzeko".
"Gatazka luze eta mingarriaren" testuinguruan kokatu dute preso eta iheslarien gaia. "Zaila litzateke herri honetan, nolabaiteko indarkeriaren ondorioak ezagutu ez dituen familiaren bat topatzea, edota espetxean dagoen edo torturatua izan den senide edo gertuko pertsonaren bat ez izatea".
Hala ere, konponbiderako pausoak eman direla diote, besteak beste, 2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpena, handik hiru egunera ETAk jarduera uztea erabaki izana, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bake eta Bizikidetzarako Plana, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak edo nazioarteko komunitateak egindako "ekarpenak" aipatuz.
Herritarrek ere aurrera egiteko nahia adierazi dutela nabarmendu dute, joan den urtarrilean Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean Bilbon egindako manifestazioa adibide jarrita.