Etxerat elkarteak azaldu duenez, atzo goizean, kiroldegira jaitsi eta futbol baloia falta zelako liskarra izan zuen Anduezak funtzionarioekin. "Orduan, plaka zenbakia emateko eskatu zion funtzionarioari. Horrek ukatu egin zuen, eta, gainera, biluzteko agindu zion durangarrari".
Elkarteak dioenez, Anduezak bata bat eskatu zion, eta ezetza jaso ostean, ika-mikak jarraitu egin zuen. "Bat batean, lau funtzionariok, eraso egin, eskuburdinak jarri, eta isolamendura eraman zuten".
Anduezarekin gertatutakoari ez ezik, Rufino Arriaga presoaren egoerari ere egin dio erreferentzia Etxerat-ek: bisitarik gabe utzi zuten maiatzaren 31n.
"Lagunen bisitaren zain zegoen Arriaga, baina espetxeko arduradunek ez zituzten sartzen utzi. 13.00ean zuten bisita Sevillan, eta Euskal Herritik Sevillaraino dauden 900 kilometroak egin ostean eta 12:35ean iritsi arren, bisita egitea ukatu zieten, beranduegi iritsi omen zirelako". Sevilla II espetxean dago Arriaga.