ARKEOLOGIA

Duela 3.500 urteko zeramika puskak aurkitu dituzte San Adriango koban

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek adierazi dute Brontze Garaiko gizarteen bizimodua berreraiki ahal izango dutela berreskuratutako 1.500 zati horiei esker.

Zeramika piezetako batzuk. GORKA RUBIO / ARP
Igor Susaeta.
2014ko ekainaren 3a
07:56
Entzun

Zegamako (Gipuzkoa) aztarnategiaren garrantzia nabarmendu du, gaur goizean, Miriam Cubas Aranzadiko arkeologia saileko kideak. 1.500 puska horiek hainbat ontziren morfologia berreraikitzeko bidea irekide diete ikerlariei —ez dute ontzi bat bera ere topatu osorik—, eta osoenetako bi aurkeztu dituzte. Blanca Gomez de Segura Euskal Buztingintza Museoko zuzendariak, gainera, hainbat erreplika landu ditu.

Orokorrean ontzi handiak dira Cubasen esanetan —lurrazaletik 30 bat zentimetrora aurkitu dituzte—, eta horrek, lausoki bada ere, haien erabileraren pistak eman dizkiete. Iruditzen zaio elementu solidoak zein likidoak pilatzeko erabiltzen zituztela orain dela 3.500 urte. "Laboreak biltzeko, esaterako, eta baita esnea metatzeko ere". Izan ere, zeramika zatiez gain, garaiko fauna eta floraren aztarnak ere aurkitu dituzte ustiaketetan. "Talde sedentarioak ziren, gutxi gorabehera; artzainak eta nekazariak"

Cubasek adierazi du Euskal Herriaren iparraldeko zeramika zatirik zaharrenak Kobaederrako (Lekeitio, Bizkaia) aztarnategian aurkitu zirela, eta Neolitokokoak, orain 5.000 bat urtekoak, direla.

1.500 zati horiek Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentrora, Irunera, eramango dituzte, aztertu ahal izateko. Aranzadiko kideak uztailean hasiko dira, berriro, San Adriango aztarnategia induskatzen. 2008an ekin zioten lan horri, eta pasa den abuztuan jakinarazi zuten duela 14.000 urteko aztarnak topatu zituztela haitzuloan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.