Kultura

Kultur ondasun izendatu du Jaurlaritzak Donostiako Arte Ederren eraikina

Izendapen hori dela eta, ezingo dute eraikina bota.

Donostiako Arte Ederren eraikina, martxoko irudi batean. J. URBE, ARP
2014ko maiatzaren 21a
08:28
Entzun

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eraikina babesteko erabakia hartu du, azaldu dutenez, 1990eko Kultur Ondarearen Euskal Legean aurreikusitakoaren arabera. "Babes maila honek eraikina botatzea galaraziko du, eta berau ondorengo belaunaldiengana transmititzea ahalbidetuko du".

Jaurlaritza aurreratu egin zaio Bilduri, bihar eskatzekotan baitzen Jaurlaritzari eraikina kultur ondasun izendatzeko. Otsailean EHOPB Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia onartu zuen Donostiako Udalbatzak, eta horren arabera, C babes maila ezarri zioten eraikinari. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren iritziz, oposizioak "makillatutako C maila" adostu zuen. Jaurlaritzaren erabakiarekin, EHOPB aldatu beharko du Donostiako Udalak, izendapenak horren eskumenak gainditzen baititu: EHOPB aldatu, eta A babesa ezarri beharko diote eraikinari.

Jaurlaritzak 2013ko ekainean adierazi zuen eraikinak badituela "bere babesa justifikatzen duten balio kulturalak", bere teknikariek egin zuten txostenaren arabera.

Ohar baten bidez, Donostiako Udalak adierazi du "pozik" dagoela Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin. Burutaranek esan du pozik egoteko arrazoiak daudela, eta Eusko Jaurlaritzak "zentzuz" jokatzea erabaki duela: "Bilduk markatutako bidea jarraituz, izan ere, talde honek Arte Ederretako antzokia ez botatzeko apustua egin du". Eta gehitu du: "Eusko Jaurlaritza argudioekin konbentzitu dugu hau soluziorik onena zela, bere teknikariek ere defenditzen zuten bezala”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.