Poliomielitisa

Polioa, gaitz ezkutaezina

Frankismoak estali egin nahi izan zuen zer gertatzen zen, eta horrek txertoak atzerarazi zituen. Baina poliomielitisa ezin zen ezkutatu; haur haiei egindako gaitza ere ez.

Gorlizko sendategian polioa zuten haurrak eguzki bainuak hartzen ageri dira 1964ko argazki honetan. Karitateko alabek tratu makurra ematen zieten. AUÑAMENDI FUNDAZIOA-EUSKOMEDIA
Irune Lasa.
2014ko maiatzaren 18a
07:52
Entzun

Grisa zen nagusi urte haietan. Gerraren eta haren ondorenaren urte beltzenak igaro, eta 1950eko hamarkada amaieran ahal zuen bezala aurrera egiten zuen jendeak, frankismopean. Eta poliomielitis epidemia handiak iritsi ziren. Aurretik ere ezaguna zen gaitza Euskal Herrian, Europan eta Ipar Ameriketan XX. mende hasieratik aldiro agertzen baitzen haurrengan paralisia eragiten zuen eritasuna. Baina 50eko urteetan aurrera egin ahala, Mendebaldean ugaritu egin ziren polioaren agerraldiak, eta, gainera, larriagoak ziren: haur gehiagotan eragiten zuten paralisia.

Salamancako Unibertsitateko Juan Antonio Rodriguezen datuen arabera, Espainian 1950eko eta 1952ko agerraldien ondoren gora egin zuen polio kasuen kopuruak, baita gaitzaren hiltze tasak ere, 1959an goia jo arte. Dena den, zaila da jakitea Euskal Herrian zenbat jendek nozitu zuen, are gehiago kontuan izanda soilik ospitaleratutakoak edota ageriko paralisia zuten kasuak zenbatu zirela. Imsersoren datuetan oinarrituta, 2000. urtean Espainian 42.500 pertsonak baino gehiagok zuten polioak eragindako urritasunen bat.

Badago zer gertatu zen jakitea oztopatzen duen beste arrazoi bat ere: frankismoak ezkutatu egin nahi izan zuen polio agerraldien larritasuna.

Xabier Gabilondo 1956an jaio zen, Elgoibarko Ermuaran auzoko baserri batean. Zortzi hilabete zituenean, lehen pausoak ematen hasi zenean konturatu ziren haurtxoak hanka bat zintzilik ibiltzen zuela. "Baserria bi bizitzakoa zen, eta aldamenekoan hanka biak hartuta zeuzkan mutil koskor bat bizi zen. Haren ama konturatu zen nik sintoma berberak nituela. Niri hanka bakar bat harrapatu zidan".

Zori txarra izan zuen Gabilondok. Soilik polio infekzioen %1ean sartu ohi da birusa nerbio sisteman, eta hor sor ditzake kalte larriak, paralisia besteak beste.

Andoni Moreno lau urte gazteagoa da, 1960an jaioa, Santurtzin. Ume bizkorra omen; bederatzi hilabeterekin hasi zen oinez, baina 11 hilabeterekin, egun batez pixa egiteko zutik jarri nahi izan zutenean, ikusi zuten umea ziplo erortzen zela lurrera. Poliomielitisak bi hanketan eragin zion paralisia.

Ebakuntzak

Ia berehala hasi ziren ebakuntzak. Morenok ez daki orotara zenbat ebakuntza egingo zizkioten: "Kontuan izan oso umea nintzela, eta gurasoak hilda dauzkat jada...". Saiatu izan da mediku txostenak lortzen, baina oso zaila bide da. "Garai hartan ez zekiten zer egin gaitz honekin, eta polioa geneukanok akuri gisa erabili gintuzten maila traumatologikoan; gure kontura garatu ziren, esaterako, paraplegia dutenentzako tratamendu zenbait".

Guztira, hamahiru bat operazio ditu Gabilondok, eta kontatzen duenak ere halako zerbait iradokitzen du: "Niri ez zidaten ebakuntza oso gogorrik egin. Beste lagun batzuei bai, tibia eta peronea hautsi, ziri batzuk pasa...". Hezurra luzatzeko teknika batez ari da Gabilondo, garai hartako teknikekin oso mingarria gerta zitekeena haurrentzat. "Niri horrelakorik ez zidaten egin. Niri ebakuntza oso arraroa egin zidaten, eta oraingo medikuak ere esaten dit nire kasua dela halako ebakuntzak funtzionatu duela ikusi duen bakarra. Tibia ireki zidaten, hezurraren hari moduko bat atera, ur berotan pasa eta atzera berriz jarri egin zidaten. Horrek hezurra erregeneratzen omen zuen. Baina gerora operatu ninduen mediku batek esplikatu zidan niri hori".

Sendategiak

Ebakuntzak mingarriak baziren, haiek zekartena ez zen askoz hobea haur haientzat. Egonaldi luzeak egin behar izaten zituzten sendategietan. Polioak eragindako haurrak, adibidez, Gorlizko sendategian egoten ziren Bizkaian, eta Gipuzkoakoak, Donostiako San Juan de Diosen.

Ez zuten nahikoa haur haiek gaitza eta familiatik urrunduta egon beharra: zenbaitetan, tratu txarrak ere jasan behar izan zituzten. Hori da Morenoren kasua. "Urte haiek oso traumatikoak izan ziren", eta ez da asko saiatu ordukoez gehiago jakiten. Ez du gogoratzen, adibidez, Gorlizen zeuden haurtxoei "tratu ankerra" ematen zieten lekaimeak karitateko alabak zirela. "Haurrak ginen, gaixoak, eta oraindik ez ditut ulertzen aldiroko jipoi eta azpiratze haiek".

"Makurkeriak kontatuko nizkizuke", dio Morenok. "Ebakuntza izandako haur bati sekulakoak ematea, siesta orduan pixka bat hitz egin duelako... Han bazegoen autopsietarako-edo gela bat; guk hildakoen gela hots egiten genion, izua genion. Lotarako orduan hitz egiten harrapatzen bazintuzten, ohea hara arrastaka eraman, eta gaua han pasatu behar zenuen, ilunpetan. Negarretan blai, akituta lokartzen zinen...". 13-14 urtera arte izan zen aldiro Moreno Gorlizko sendategian hilabeteetako edota urtebetetik gorako egonaldiak egiten.

Adin berean bukatu zituen Gabilondok San Juan de Dioseko egonaldiak. Elgoibartarrak ez du oroimen txarrik Donostiako sendategiaz. Gogoan du oraindik nola fraide batek defenditu zuen: "Igeltsua kendu eta berehala, hanka makila baino gogorrago, zuzen-zuzen neukala, fisioterapeuta-edo zen bat etorri, eta, 'oraindik horrela hago?' esanda, hanka behera sakatu eta gorputz guztia iraularazi eta bota ninduen. Fraideak hura lepotik hartu zuen, eta zer arraiotan ari zen esan zion...".

Morenok sendategiko egonaldiak traumatikotzat jotzen dituen bezala, Gabilondo ez du oroimen txarrik ordukoez. "Ez naiz asko gogoratzen". Gogoratzen da jende ospetsuak, kazetariz inguratuta, bisita egiten zuela San Juan de Diosera, opariak ekarriz. Argazki parea du: bat Jose Angel Iribarrekin, eta beste bat Jose Manuel Urtainekin. Mario Moreno Cantinflas inoiz ikusi izanaren susmoa ere badu.

Zortea izan zuela uste du Gabilondok, ez baitzen inoiz baztertua sentitu bere herrentasunarengatik. Etxean, baserrian egoten zen alditan, auzoko eskolara joaten zen Elgoibarren, eta beharbada horrek asko lagundu zion, eskola txiki baten babesak.

INRI

Hamalau bat urterekin, 1970ean edo, lanbide bat ikasi behar, eta Madrilera bidali zuten eskola batera. "Elektronika ikasi nahi nuen, eta han bi urte pasatu nituen, elektronikaz ezertxo ere egin gabe". INRI zuen izena (Instituto Nacional de Rehabilitacion de Invalidos). Elbarrituentzako eskola bat zela kontatu du Gabilondok, eta zati bat ospitale modukoa zela.

Ondo asko gogoratzen du haurren kargu Falangeko jeneral erretiratu bat zegoela: Agustin Lafoz Villalba. "Tiro bat zuen belaunean, eta hatz bat falta zuen beste tiro batengatik. Ebroko batailan izandakoa zen". Nolakoa zen? "...Putakume bat. Carabanchelgo distrituko burua zen, eta astero joaten zen bileretara, falangista jantzita, bere pistolarekin". Beste militar bat ere gogoratzen du, kapitain ohi bat. "Zaplazteko ederrak ematen zizkigun. Hark esaten zigun armada utzi zuela pistolarik ez eramateko, bestela lehenago edo geroago norbait akabatuko zuelako".

Elgoibarkoak oraindik gogoan du Aste Santu batean nola prozesioan atera zituzten haurrak. Oinutsik. Zertarako? "Pena emateko: gu pasa, eta jendea negarrez hasten zen...".

Gabilondo atera eta bi urtera-edo sartuko zen INRIn Andoni Moreno, eta hark ere gogoan du beraien kargu zegoen falangista: "Ilaran jarrarazten gintuen, elbarrituak ginenean... Gure gela berean egiten zuen lo, pistola burkoaren azpian zuela...".

Txertoak eta erabaki politikoak

Badago gauza bat Gabilondo umoretsu eta lasaiari kontu honetan amorru berezia ematen diona: oraindik ere, medikuren batek galdetzen dionean ea noiz pasatu zuen polioa, eta "baina garai hartan bazegoen-eta txertoa!" entzun behar duenean. 1955. urtean aurkeztu ziren polioaren aurkako bi txertoak. "Nik uste nuen, badakizu, han baserrian bizi ginelako zela", dio Gabilondok.

Kontua da, ordea, AEBetan eta beste zenbait herrialdetan sekulako txertatze kanpainak abiatu ziren hartan, gezurrezko irudi bat eman nahi zuela frankismoak, eta ez zuela aitortu nahi polio epidemiarik zeukanik Espainian. Era berean, kasuen kopuruari begira, ez zuen errentagarritzat jo txerto kanpainak egitea. Eta zentsura alde zuen.

1958tik 1963ra, Juan Antonio Rodriguezen ikerketen arabera, atzerrian irudi hobea eman nahian, Francoren erregimenak txerto kanpaina itxurazko batzuk abiatu zituen, oso mugatuak eta, gainera, doakoak ez zirenak. Hots, aberatsen eta erregimenari lotutakoen haurrek soilik jaso zuten Salken txertoa.

Frankismo barruko fakzioen arteko botere borrokek ere izan zuten zerikusirik txerto kanpainen atzerapenean. Falangeak batetik, eta militar katolikoek bestetik, biek prebentziorako osasun arloa kontrolatu nahi zuten, eta borroka horretan joan ziren hainbat indar, 1964tik aurrera txerto kanpainak orokortu ziren arte. Dena den, polio kasuak murriztu zirenean, atzera baliabideak ere murriztu egin zituzten agintariek, txertorako populazioak mugatuz... Eta atzera kasu gehiago agertu ziren.

Xabier Gabilondo, Madrilgo INRItik itzuli, eta 16 urterekin lanean hasi zen, lantegi txiki batean. Zutik jardun behar zuen, eta, azkenean, 13 urte pasatuta utzi egin behar izan zuen lan hura, bizkarrarengatik. Zarautzera ezkondu eta bi seme-alaba ditu. Katealegaia enpresa taldeko lantegi batean egiten du lan. Duela bost urte arte makulurik gabe ibiltzen zen, baina orain bat behar du.

Moreno erretiroa hartuta dago, eta gurpil aulkian dabil orain; lehen, makuluekin moldatzen zen. Madrildik itzulitakoan gaueko eskolan ikasten eta igeriketan aritu zen; ondo asko, gainera: Espainiako txapeldun izan zen 200 metrokoan, eta zilarrezko domina lortu zuen Munduko Txapelketan. Oncen aritu zen lanean. andoni-sinbarreras.blogspot.com blogean "desberdintasun funtzionalak ditugunon eskubideak" defenditzen ditu.

Horren haurtzaro gogorrak pasatuta, 50-60ko urteetan polioa izandako pertsonen artean batzuk atzematen ari dira 40-50 urte pasatzean okerrera egin dutela. Nekea, indar falta... Lehen berez oinez zebiltzanak makulu beharrean dira orain, edo ortopedia aparatuak behar dituzte. Horiek bazituzten, orain gurpil aulkiak behar dituzte... Postpolio sindromea da. Gaitzaren, eritasunaren ondorenak berriz.

Sindromea berria da, baita osasun sistemarentzat ere. Horrek, dena den, ez luke aitzakia izan behar erabaki politikoekin pertsona horiei eragindako gaitzak berriz errepikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.