1991n Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %21,8k erabiltzen zuten euskara etxean; 2011n, berriz, %20,8k. Beheranzko joera hori paradoxikotzat jo du Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak: “Duela hogei urte, gaur baino askoz etxe gehiago ziren kide euskaldun bakar bat ere ez zuten familiak. Egungo egoera hori elebitasun desorekatuaren ondorio da”. V. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu du gaur gobernuak Bilbon, eta, oro har, Baztarrika baikor agertu da: “Hizkuntza gaitasuna 14,5 puntu hazi da 30 urtean, biztanleria soilik %1 igo den arren”.
Etxeko erabileran ez da antzeman, baina euskararen jakite mailak gora egin du 1981etik hona: egun, biztanleen %36,4k dakite ondo euskaraz; duela 30 urte, %22k baino ez. Era berean, orain hiru hamarkada herritarren bi heren erdaldun hutsak ziren, eta egun %44 dira. Euskaldunen soslaian “aldaketa erradikala” gertatu dela azaldu du Baztarrikak: 20 urte azpikoen %73 euskaldunak dira, baina gehienentzat euskara ez da lehen hizkuntza, eskolan ikasia baizik; gainera, euskaldun berrien erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira: “Euskaldun gutxi dituzten hiriak dira; hau da, hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi dituzte”.
Euskara
Duela 20 urte baino gutxiago hitz egiten da euskaraz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan
Euskararen jakite maila gazteen artean igo da batik bat, baina gehienentzat ez da lehen hizkuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu