Donostia 2016

Nogeras: "Erabilera politikoak eraman nau dimisioa ematera"

Proiektuak blokeo tekniko bat duela eta zuzendaritza nagusiarengan konfiantza falta egon dela adierazi du Itziar Nogerasek goizeko prentsaurrekoan. Mikel Lizarralde kazetariak zuzenean kontatu du agerraldia.

Itziar Nogeras, gaurko agerraldian. JON URBE, ARP
mikel lizarralde
2014ko apirilaren 3a
08:56
Entzun

2013ko uztailean Donostia 2016ko zuzendari nagusi izendatu zutenetik, bereganako konfiantza eta konpromiso falta egon direla salatu du Itziar Nogerasek. Bere izendapenaren inguruko polemika piztu zenean bertan "babes falta" sentitu zuela eta arazoa hor hasi zela esan du: "Eta gailurrera iritsi da asteburu honetan prentsan agertu den patronatukideei soiik bidali zitzaien informazio konfidentziala filtratu denean".

Joan den igandean El Diario Vasco egunkariak Donostia 2016ko kultur programazioaren aurrerapena argitaratu zuen. Horren harira, programazioaren inguruko informazioa argitaratu izanak ondorio "larriak" ekarriko ditu Nogerasen iritziz: "Sorpresa efektua galdu da, programarentzat prestatutako komunikazio-plana hondatu da, eragileekin egindako kudeaketa eta negoziazioa izugarri zaildu dira, hainbat proiekturen lan pedagogikoa hondatu egin da, zenbait proiekturen gauzatzea arriskuan jarri da eta hiriburutzaren lan-taldearen eta eragileen gogoa zapuztu egin da". Izenik eman gabe, informazioa Fundazioaren Patronatutik bertatik atera dela salatu du. Patronatuan Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Espainiako Kultura Ministerioa daude ordezkatuta".

Horretaz gain, azkeneko zazpi hilabeteetan proiektu kulturala "blokeo tekniko" egoeran egon dela adierazi du, eta Guadalupe Etxebarria kultur zuzendariaren soslaia ez zaiola proiektuaren ezaugarriei egokitzen. "Hala ere, arazo hori hor egonda, kultur programan aurrera egin ahal izateko oinarriak jarri ditut". Joan den abenduan barne-antolaketarako irtenbide bat proposatu zion Nogerasek patronatuari, "proiektuak lur har zezan eta gauzatzen joan zedin; eragileekin batera eman beharreko urrats eta lan guztiak egin zitezen".

Joan den astearte arratsaldean patronatuak programazio aurrerapena aztertzeko eta 2014ko aurrekontua onartzeko bilera egin zuen. Bertan eman zuen dimisioa Nogerasek, nahiz eta berak adierazi duen astearte goizean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari eman ziola bere erabakiaren berri. Hain zuzen ere, Izagirrek agertu zuen atzo "minduta eta harrituta" zegoela Nogerasek bere kargu uztearen berri emateko erabilitako formengatik. Bere aldetik, orain arte Donostia 2016ko zuzendari nagusia izan denak bere kontra egin izana deitoratu du: "Ez nuen espero 24 ordu horiek nire izena eta ospea zikintzeko izango zirenik, eta hala izan da". 

Nogerasen kargu uzteak eragindako krisia aztertzeko Donostia 2016ko Patronatuak ezohiko bilkura egingo du bihar, 12:30ean. Maria Teresa Lizaranzu Espainiako Gobernuak patronatuan duen ordezkariak ezingo du bilerara joan, "agenda arazoak" tarteko. Eferen arabera, bilera atzeratzeko eskatu zuen "nazioarteko konpromisoak" tarteko, baina ez da posible izan.

"Batasun instituzionalaren" bila
Ikerne Badiola Gipuzkoako Diputazioko Kultura diputatuak ohar bidez adierazi du "erakunde guztien batasuna" beharrezkoa dela uneon: "Nogerasen dimisioak eragindako krisiak konponbide bakarra du: guztiok batera aurrera egitea. Patronatua osatzen dugun erakunde guztiek batera lan egin beharko dugu kultur hiriburutza proiektua ondo bideratu nahi badugu". Horrez gain, Nogerasen adierazpenak ukatu ere egin ditu: "Hark proiektua uzteko aipatutako erabilera politikoa gezurtatzeko aukera daukagu". Nogerasen dimisioak bigarren mailan utzi ditu, Badiolaren ustez, patronatuaren azken bileran aho batez hartutako erabakiak".

Atzo goizean, Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin zuen, eta bertan erabaki zuen ez zuela onartuko kultur hiriburu proiektuaren zuzendari nagusiak "atzera egitea". Juan Karlos Izagirre alkateak berak ere onartu egin zuen proposamena.

Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuarekin herenegun egindako bileran Itziar Nogerasek zuzendari nagusi kargua uzteko asmoa agertu ondoren, Juan Karlos Izagirre alkatea "minduta eta harrituta" azaldu zen atzo prentsaren aurrean. "Erabaki pertsonalak errespetatu behar dira, eta proiektu honetan sinesten duenak egon behar du bertan". Kultur hiriburutzaren bulegoko zuzendari nagusiak bere kargua utzi nahi izan zuen asteartean, baina patronatuko kideek erabakia berriro pentsatzeko eskatu zioten. 

Izagirrek adierazi zuen Nogerasen dimisioak ez lukeela eragin beharko Donostia 2016ren proiektuan, eta egitasmoa "borroka politikotik" ateratzeko beharra azpimarratu zuen. Horretaz gain, autokritika egin zuen "komunikazio akatsengatik eta Donostia 2016ko zuzendaritza taldeetan izan den ezegonkortasunagatik". Ildo horretan, zuzendaritzari egonkortasuna ematea lehentasuna izango dela gaineratu zuen.

"Aitortzen dugu krisi egoeran gaudela, ezegonkortasun une batean. Baina lan egin behar dugu herritarrek proiektuarekiko ilusioa izan dezaten. Gidaritzan dauden pertsonen erabaki pertsonalen gainetik, proiektuak aurrera egingo du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.