Musika

Mikel Laboari eman diote Adarra Saria

Musikariaren sorkuntza lana omenduko du Donostiako Udalak, ekainaren 21ean.

Laboa, 1991n kontzertu batean Bilbon. CARLOS VILLAGRAN
Ane Urrutikoetxea.
2014ko apirilaren 1a
07:37
Entzun

Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) musikariaren lana, euskal musikak XX. mendean izan duen adierazpiderik gorenena izan da Adarra Sariaren antolatzaileentzat. Bere nortasuna, obra eta sormena omenduko ditu Donostiako Udalak ekainaren 21ean, Viktoria Eugenia antzokian egingo duen ekitaldian.

Musikari donostiarra Euskal Herriko kulturaren eta musikaren "mitoa" da Udal Gobernuaren Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegiren esanetan, gazteekin lan egitera ohituta eta Euskal Herrian zein nazioartean ibilia. "Gure kulturaren ikurra izan da beti, bai bizi zenean eta baita orain ere". Laboak 80 urte beteko zituen aurtengo ekainaren 15ean, eta bere ibilbidea gogoratzeko, ekitaldian parte hartuko dute Iñaki Salvador, Josetxo Silgueiro eta Ainara Ortega musikariak, Delorean taldea eta Kukai Dantza Konpainiarekin batera. Saria Laboaren alargun Marisol Bastidak jasoko du, Marijose Recalde artistak egindako brontzezko eskultura, hain zuzen ere.

Laboa izango da Adarra Saria jasotzen duen lehen musikaria, Donostiako Udalak aurten sortu baitu saria, urtero euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artistaren ibilbidea omentzeko asmoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.