EBZ-REN BILERA

Inflaziorik ezak estututa

Eurogunean prezioek duten hazkunde txikiarekin kezkatuta dabil EBZ, baina zergatik da hain garrantzitsua inflazioa ekonomia batentzat?

jarraia89481.jpg
Ivan Santamaria.
2014ko martxoaren 6a
14:47
Entzun

Inflazio txikiari buruzko kezkaren itzala nabaritu du azkenaldian EBZ Europako Banku Zentralak. Erakundeko kontseiluak bilera du gaur, eta berriro ere mahai gainean egongo da gaia. Zergatik da hain garrantzitsua inflazioa ekonomian? Hona hemen egoera ulertzeko gako batzuk.

Zer da inflazioa? Ekonomia batean prezioen egoera neurtzen du inflazioak. Oro har, urte arteko tasa baten bidez adierazten da. Euroguneko inflazioa, otsailean, %0,8 izan zen. Horrek esan nahi du aurreko urtearekin alderatuz prezioak orokorrean zortzi hamarren garestitu zirela.

Nork neurtzen du? Neurketa hori egiteaz herrialde bakoitzeko estatistika erakundeak arduratzen dira. Produktu eta zerbitzu saski bat osatu, eta denda nahiz enpresak hilero bisitatzen dituzte, saski horretako prezioek gora edo behera egin duten egiaztatzeko. Adierazle nagusia kontsumo prezioen indizea (KPI) izaten da. Saskiaren osaketa sarritan eztabaidagai izaten da, zer sartu eta zer ez, eta denboraren joanean ere aldatuz doa, berrikuntza teknologikoak edo gizartearen ohitura aldaketak islatzeko. Zirkulazioan dagoen diru kopuruak ere zerikusia du inflazio mailarekin.

Zer esaten digu inflazioak ekonomia bati buruz? Aldagai eta erreferentzia nagusietako bat bihurtu da. Esaterako, bizitza mailaren aldaketak islatzen ditu. Esan liteke pertsonen eta familien soldatak eta diru sarrerak inflazioaren gainetik handitzen direnean eros ahalmena irabazi dutela, bizitza maila handitu. Kontrakoa gertatzen denean, berriz, eros ahalmena galtzen ari dira.

Ona edo txarra da inflazioa? Eztabaida asko egon dira horri buruz. Teoria zabalduenak dio ekonomia kapitalista batentzat funtzionatzeko beharrezkoa dela inflazio ehunekoren bat izatea. Batetik, prezioek eta soldatek gora egiteko presioa egiten dute. Bestetik, inflazioa dagoela jakiteak kontsumoa animatzen du, esku artean duzun diruak denboraren poderioz balio gutxiago izango duelako. Beste ezaugarri bat da zorpetutako ekonomia eta gizabanakoentzat mesedegarria dela (beti ere horien diru sarrerak handitzen badira aldi berean). Aldiz, inflazio handi batek aurreztaile kaltetuko luke.

Eta zein da inflazio maila egokia? Jakina da, gutxienez, moneta politikaren agintea duten erakundeek uste dutena. Hala, EBZren helburua indizea “%2ren azpitik baina hortik hurbil” mantentzea dela. Inflazioak duen garrantziaz jabetzeko: EBZren mandatu nagusia prezioen orekari eustea da. Ez ekonomiaren hazkundea bultzatzea, ez langabeziaren jaitsiera bilatzea. Helburu bakarra inflazioa kontrolatzea da. EBZk uste du %2 horrekin nahikoa dela kontsumoa eta inbertsioa ez atzeratzeko, baina aurrezkiari kalte handirik egin gabe.

Non dago orain arazoa? Euroguneko inflazioa otsailean %0,8 izan zen. Horrek esan nahi du erakundeak ezarrita duen helburutik urrun dagoela. Orain, bankuak erabaki behar du neurriren bat hartuko duen inflazioak gora egitea sustatzeko. Normalean, interes tasak — diruaren prezio ofiziala — jaistea da biderik errazena, baina gaur egun inoiz baino apalagoak dira (%0,25), eta, negatiboak izatea ezinezkoa denez, ez zaio aukera handirik geratzen politika klasikoekin.

Zergatik da inflazioa garrantzitsua? Esan bezala, inflazio maila bat izatea normala da ekonomia kapitalista batean. Berezko zerbait da. Arazoa inflazio hori deskontrolatzen denean agertzen dira. Inflazioa neurrigabe hazteak edo tasa negatiboetan finkatzeak ekonomiaren fundamentuak higatzen ditu, eta ondorio oso txarrak ditu.

Zeintzuk dira inflazioari lotutako fenomeno nagusiak?

Hiperinflazioa: Prezioen hazkunde nurrigabea adierazten du. Definizio ezberdinak daude. Baina, oro har, %50etik gorako prezioen hazkundea adierazten du. Adibiderik aipagarriena Alemania da 1920ko hamarkadan, Lehen Mundu Gerraren ondoren. Esan ohi da prezioak ordura igotzen zirela saltoki batzuetan. Adibide hurbilago bat Zimbawen gertatu da, 2000ko hamarkadan. Esan izan da prezioak 24 orduro bikoiztera iritsi zirela herrialde horretan. Hiperinflazioak aurrezki aukera oro ezabatzen du, eta, ondorioz, inbertsioak planifikatzeko aukera.

Deflazioa: Kontrako gertaera da. Ekonomia batean prezioek behera egiteko joerari eusten diotenean gertatzen da. Hiperinflazioa bezain arriskutsua izan liteke. Enpresek eta pertsonek dirua gastatzeko unea atzeratzen dute, prezio merkeagoen esperoan. Espiral horrek kontsumoa gelditu, eta hazkundea trabatzen du. Adibiderik argiena Japoniako hamarkada galdua da, etxebizitzari lotutako burbuila batek eztanda egin ondoren. Ondoko grafikoan, inflazioaren eta hazkundearen arteko harremana dago.

Desinflazioa: Kasu honetan ere prezioen jaitsiera orokorra gertatzen da, baina inflazioa ez da tasa negatiboak izatera iristen. Ekonomialari askoren irudiko, gaur egun Hego Euskal Herrian eta Espainian desinflazio egoera bizi dugu. Hegoaldean urte arteko inflazioa %0,4 da.

Estagflazioa: Bi munduen nahasketarik okerrena da. Batetik, inflazio maila esanguratsuak. Bestetik, ekonomiaren hazkunde oso eskasa, geldialdi bat azken finean.
1970eko hamarkadako petrolioaren krisian lehen aldiz herrialde garatuetan inflazio handiak eta langabeziak bat egin zuten. Oro har, bat edo bestea sustatzeko errezeta ezberdinak kontrajartzen dira, eta ez du irteera errazik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.