Pentsioak

Pentsioen erreforma onartu du Espainiako Senatuak

Urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean pentsioen erosteko ahalmena txikituko duen erreforma. 

Urrian egindako protesta. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Iker Aranburu.
2013ko abenduaren 13a
15:04
Entzun

Espainiako Senatuak PPren botoekin onartu du pentsio sistemaren erreforma. Pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko orduan jasangarritasun faktorea izenekoa ezarriko du erreformak eta, praktikan, hurrengo urteotan pentsioen jaitsiera erreala ekarriko du. KPIren arabera igo beharrean, pentsioak batik bat Gizarte Segurantzaren egoera kontuan hartzen duen indize baten arabera igoko dira. 

Oposizioko alderdiek erreformaren kontrako botoa eman dute, eta iragarri dute erreforma bertan behera uzten saiatuko direla PPk gehiengo osoa galtzen duenean.

Hauek dira erreformaren puntu nagusiak:

1. Berritzea

Orain arte, Espainiaren azaroko KPI adina igo izan dira pentsioak hurrengo urtean. Datorren urtetik aurrera, berriz, prezioen bilakaera ez da aintzat hartuko, eta indize berri baten arabera berrituko dira pentsioak. Honako faktore hauek hartuko dira kontuan: Gizarte Segurantzaren azken bost urteotako eta hurrengo bostetako diru sarrerak eta gastuak, pentsio kontributiboen urte arteko bilakaera, batez besteko pentsioaren zenbatekoaren bilakaera eta doikuntzaren abiadura izenekoa (kontu publikoen egoera kontuan hartzen duen faktore bat). Indize horrek ez du erosteko ahalmena bermatuko.

2. Mugak

Aurretik aipatutako indize horrek ekar dezake urte batean pentsioak jaitsi behar izatea. Ez da, ordea, halakorik egingo. Izan ere, goitik zein behetik muga batzuk jarriko zaizkie. Horrela, pentsioak gutxienez %0,25 igoko dira urte batetik bestera, ekonomikoki urterik okerrenetan ere. Gauzak ongi doazenean eta Gizarte Segurantzak superabit handia duenean ere, ez da sekulako igoerarik izango: gehienez, urte bateko KPI gehi %0,50 igo ahal izango dira. 2014an, hasteko, pentsioak %0,25 soilik igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak, eta itxura batean, pentsatzekoa da hurrengo hiruzpalau urteotan ere hori gertatuko dela, Gizarte Segurantzak gaur egun defizita duelako eta pentsiodunen kopurua eta haien zenbatekoa gora doalako —aurreko belaunaldiek baino gehiago kotizatu dutelako—. Horrela erosteko ahalmena galtzea ekarriko du, inflazioaren araberakoa. Hau da, urte batean prezioak %1,5 igotzen badira eta pentsioak %0,25, erosteko ahalmena %1,25 jaitsiko da.

3. Berrikuspena

Sistema bost urtean behin berrikusiko dute gobernuek, erosteko ahalmenaren galera oso handia ez dela ziurtatzeko. Senatuan egin du aldaketa hori PPk. Sortzear dagoen Agintaritza Fiskal Independenteak urtero aztertuko du sistema.

4. Iraunkortasun faktorea

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera emango diren pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko faktore berri bat izango da, iraunkortasun faktorea izenekoa, Espainiako Gobernuaren arabera, sistema epe luzean iraunkorra izatea baitu helburu. Orain pentsioa kalkulatzeko erabiltzen diren faktoreei —erretiroaren adina, Gizarte Segurantzara kotizatutakoa, kotizatutako urteak...— 67 urtetik aurrerakoen bizi-itxaropena batuko zaio. Herritarren bizi-itxaropena handitzen bada, gutxitu egingo da urtero jaso beharreko pentsioa. Funtsean, diru kopuru berbera (balizko) urte gehiagotan banatuko da. Bost urtean behin berrikusiko da bizi-itxaropenaren bilakaera, eta lehen pentsioaren gainean soilik ezarriko da. Hau da, pentsiodun bakoitzari behin bakarrik kalkulatuko zaio zenbat diru dagokion. Orokorrean, sistema honek ere pentsioen jaitsiera ekarriko du, %5 hamar urtean behin, Enplegu Ministerioak berak onartu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.