Filipinetako Gobernuak 2.275 hildako zenbatu ditu jada; Benigno Aquino presidentearen arabera, "gehitxo" da NBEk kalkulatutako gutxi-gorabeherako zifra (10.000). Ekaitzak kaltetu dituenak, ordea, milioika dira: ia 600.000ek galdu dute etxea, baina haietatik erdiek baino ez dute lortu ebakuazio zentroetan babes hartzea. Askok kalean igaro dituzte azken bost egunak, jatekorik eta edatekorik gabe ia.
Nazioartetik tonaka elikagai eta oinarrizko material heldu da Filipinetara, baina hura herritarren artean banatzea espero baino nekezagoa gertatzen ari da. Eskualde batzuk inkomunikatuta daude oraindik, ekaitzak errepideak eta aireportuak suntsitu dituelako. Nazioarteko Telekomunikazioen Batzordeak satelite bidezko erreskate ekipamendua igorriko duela iragarri du, desagertuta dauden pertsonen bilaketa errazteko.
Datu ofzialen arabera, Filipinetan sekula erregistratutako hirugarren hondamendi natural larriena litzateke Haiyan tifoiak eragindakoa. "Garrantzitsua da jendea lehenbailehen artatzea, konplikazioak eta infekzioak saihesteko", dio OMEk komunikatu batean. "Gorpu asko daude kalean, eta garrantzia handiko kontua da egoera hori nola antolatzen duten, eritasunak ez daitezen hedatu".