'Haika-Segi auzia'

Segik borroka eguna deitu du gaurko; arratsaldean mobilizazioak egingo dituzte

Haika-Segi auzian Fiskaltzak egindako zigor eskaeren bidez, "euskal gazteriari egindako eraso berria ikusirik" borroka eguna antolatu du gaurko Segi gazte erakundeak. Goizean geldialdiak egin dituzte irakaskuntzan, eta baita manifestazioak ere. Arratsaldean ere mobilizazioak egingo dituzte. Fiskaltzak 654 urteko zigorra egin zuen, guztira, Haika-Segi auzian auzipetutako 42 gazterentzat, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak iragarri du epaiketa hilabete honen amaieran edo otsail hasieran egin nahi duela.

2005eko urtarrilaren 14a
16:13
Entzun
Auzitegi Nazionalak lehenbailehen egin nahi du epaiketa. Izan ere, Haika erakundearen kontrako operazioa 2001eko martxoan egin zuten, eta operazio hartan atxilotutakoek lau urte beteko dituzte badaezpadako kartzelaldian —Espainiako legeriak aurreikusitako gehienezko epea—. Espetxeratze agindua 2001eko martxoaren 11n eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, eta martxoaren 11rako ez badago zigor epairik, gazte horiek aske utzi beharko lituzkete.

Gauzak horrela, Segik mobilizaziorako deia egin du gaurko. Goizean, 11:00etatik aurrera, irakaskuntzan geldialdiak egin dituzte eta baita manifestazioak ere. Hala ere, deialdi gehienak arratsalderako egin dituzte. Iruñean 20:30ean egingo dute manifestazioa; Bilbon eta Donostian, 19:00etan izango da; Laudion, Lekeition eta Lesakan 19:30erako egin dute deialdia; eta Azpeitian, 19:30erako.

Batasunak prentsa oharra kaleratu zuen atzo, Segik egindako deialdiarekin bat eginez. "Euskal Herriarekin eta bere eskubideekin konprometitutako eragile sozial eta politikoak zigortzeko helburuz egingo den lehen epaiketaren aurrean gaude", salatu du Batasunak, mobilizazioetara deitzearekin batera. Ildo horretan, Batasunak "Jose Maria Aznarren garaian irekitako sumario politiko guztiak ixteko" exijitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.