Komunikazioa

Estitxu Eizagirre izango da 'Argia' astekariko zuzendaria irailetik aurrera

Xabier Letonaren lekukoa hartuko du Eizagirrek. Egun erredaktore buru da. 2002an izendatu zuten Letona astekariko zuzendari, eta kazetari gisa jarraituko du.

Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 19a
16:58
Entzun

Irailetik aurrera Estitxu Eizagirre izango da Argia astekariko zuzendaria. Xabier Letonaren lekukoa hartuko du Eizagirrek. Hogei urte zituelarik hasi zen Estitxu Eizagirre Argia-n lanean, kolaboratzaile gisa lehenbizi. Itziar ahizpa bikiarekin batera aldizkariko Pertsonaia elkarrizketa saila abiarazi zuten, eta 2003an Rikardo Arregi saria eman zieten biei elkarrizketa horiengatik. Orain hamabi urte hasi zen denbora osoz erredakzioan lanean, eta egun erredaktore buru da.

"Xabierren jarrera nabarmendu nahi nuke", azaldu du Eizagirrek. “Gauzak ondo doazenean erreleboa ematea erabaki du, momenturik onenean. Taldea oso sendo dago, talde heldua da. Krisiak denok astintzen gaitu, baina guretzako egoera ezaguna da. Interneteko eta papererako edukiek oinarri bat dute, badakigu nora joan nahi dugun". Letonak zuzendari izateari utzi dion egoera berberean erreleboa ematea gustatuko litzaioke Izagirreri ere. “Nire ardura nagusia erreleboa ematea da, ondorengoei ere ondo uztea ondo hasi zena”.

Kargu aldaketa irailetik aurrera emango bada ere, aldaketak pixkanaka etorriko direla dio Eizagirrek. "Talde lanean aritu gara beti, eta oso babestua sentitzen naiz". Komunikazio alorrean aldaketa garaiak datozela jakitun da. "Gure buruarengan konfiantza dugu, eta badakigu ahalik eta ondoen egingo dugula. Mundu ezezagun bat datorkigu, baina konfiantza horrekin itsaso horretan igeri egitea dagokigu".

Erreleboa emateko garaia

2002an izendatu zuten Letona arrasatearra Argia-ko zuzendari. "Dozena bat urte daramatzat zuzendari lanean, eta horrelako postu batean egoteko nahikoa dela iruditzen zait", azaldu du. "Haize berriak ezinbestekoak dira goi mailako karguetan. Indar berriak eta ideia berriak behar dira, eta horrek on egingo digu guztioi, bai Argia-ri, baita niri ere". Jende gaztea Argia-n bultzaka ari dela dio Letonak: “Indartsu dabiltza, eta ateak ireki behar zaizkie kudeaketarako”.

Astekariaren azken alean erabakia hartzera eraman duten arrazoiak azaltzeaz gain, haren zuzendaritzaldiko balantzea ere egiten du Letonak. Teknologia berriek prentsa idatziari botatako erronka kudeatzea egokitu zaio: "Argia.com dugu egunekorako tresna, eta, hor bai, urtetik urtera erronka sendoagoak hartu ditugu eta hartuko ditugu aurrerantzean ere", idatzi du.


Ia hamabi urte hauetan, batez ere kudeaketan egin du lan, nahiz eta kazetaritza lan batzuk ere bete dituen. "Berregokitu beharra izango dut. Egunerokoan kudeaketa lanetan nabil. Kazetaritza gustatzen zait eta kemen guztia jarriko dut lanean".

 


 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.