Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen ustez, Iñigo Cabacas pilotakada batez jo zuten oldarraldian ertzain buruek emandako aginduek "agerian" uzten dute Athleticeko zalearen heriotza ez zela istripu bat izan eta "orain arte erabilitako argudioak gezurrezkoak" izan direla.
Info7 irratian elkarrizketatu dute Barrena, gaur Gara egunkariak argitaratutako transkribapenen inguruan hitz egiteko. Esan du "pertsona batzuek" darabilten diskurtsoa baliorik gabe uzten dutela grabaketek, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiari erantzukizunak eskatu behar zaizkiola gaineratu du.
Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariari ere ardurak eskatu behar zaizkiola azaldu du Barrenak. Gabirondok adierazi zuen Cabacasen heriotza "istripu bat" izan zela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak esan zuen iritzi horrekin bat zetorrela, eta zuzenketa eskatu du Barrenak; hala egiten ez dutenak gertatutakoa "estaltzen" ariko direla ohartarazi du.
EH Bilduren ustetan, Gara egunkariak kaleratutako informazioek "frogatu" egiten dute "min emateko asmoa" zegoela Ertzaintzaren aldetik, eta erantzukizuna duten sailburuen agerraldia eskatu du, baita Ertzaintzako buruarena ere. "Argi dago Herrizaingotik gezurra esaten ari direla".
Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak esan du grabaketak "argi" uzten duela "herrialde honetako sektore sozial eta politiko bat jarraitzeko erabaki politikoa" zegoela. Haren arabera, "Iñigo Cabacasen heriotzaz hitz egiterakoan ezin da inolaz ere istripuaz hitz egin". Gizarteak "egia merezi" duela gaineratu du.
Koalizioak, gainera, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiaren dimisioa eskatu du PSEko legebiltzarkide gisa, uste baitu ez litzatekeela "bidezkoa" gizartea ordezkatzea, Cabacasen heriotzaren gainean "gezurra" esan ondoren.
Aralarrek "tamalgarritzat" jo du Cabacasen heriotzaren inguruko "egia komunikabideen filtrazio baten bitartez" jakin behar izatea. Alderdiak dio Gara-k argitaratutako informazioak berresten duela Cabacas auziaren inguruan eman diren bertsio ofizial guztiak "gezur biribila" direla.