'CABACAS AUZIA'

Rodolfo Ares: "Nik nire betebeharra bete dut"

Ertzaintzak pilotakada batez Iñigo Cabacas gaztea buruan jo zuela urtebete dela, orduan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresek esan du ez lukeela arazorik izango epailearen aurrean deklaratzeko: "Oso lasai nago". Inputazioak aurkeztea ez duela baztertzen adierazi du Juan Calparsorok. Cabacasen heriotza "istripua" izan zela esatea "lekuz kanpo" dagoela esan du Jone Goirizelaiak (erreakzioak).

jon olano
2013ko apirilaren 5a
16:17
Entzun

Gaur da urtebete Ertzaintzak pilotakada batez Iñigo Cabacas buruan zauritu zuela; urteurrenean, Radio Euskadin hitz egin du orduan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresek. "Egin behar nuena egin nuen, erantzukizuna hartuta. Eusko Legebiltzarrean agerraldi bat egin nuen informazio guztia emateko, eta epaitegien eskura jarri genuen Ertzaintzaren aditu talde bat".

Cabacasen familia Aresekin kritiko izan dela eta, sailburu ohiak esan du senideen egoera ulertzen duela, baina "nik nire betebeharra bete dut". Ertzaintzak arduragabe jokatu ote zuen galdetuta, erantzun du ez duela aukerarik baztertzen, eta epailearen aurrean deklaratzeko "arazorik" ez lukeela izango ere esan du: "Oso lasai nago". Halaber, azaldu du "urteotan milaka edo ehunka pilotakada" jaurti dituztela ertzainek eta ez dela halakorik gertatu. Horregatik, gaineratu du Cabacasen auzian zer gertatu zen ikertu beharra dagoela.

"Istripua" izan zela esatea, "lekuz kanpo"

Jone Goirizelaia Cabacasen senideen abokatuak ere jardun du Radio Euskadin. Nabarmendu du duela urtebete gertatu zenak "ondorio penalak" izan beharko lituzkeela, eta uste du Cabacas zauritu zuten gauean "delitu ugari" egin zituztela: "Homizidio arduragabea eta ez sorostea", kasu.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak atzo esandakoa —Cabacasen heriotza "istripu bat" izan zela esan zuen— "lekuz kanpo" dagoela eta ez datorrela bat gertatutakoarekin: "Zuzentarauek zioten ezin zirela pilotak jaurtitzeko armak erabili". Hitz horiek "iraingarriak" dira senideentzat, Goirizelaiaren ustez.

Bestalde, abokatuak ohartarazi du Cabacasez gain hainbat herritar izan zirela zaurituak gerritik gora, eta oldartu aurretik Ertzaintzak egin ohi dituen abisuak ez zituztela egin poliziek gau hartan.

"Presio politikorik ez" fiskalari

Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak, berriz, adierazi du ez duela baztertzen inputazioak aurkeztea, baina zehaztu du oraindik datuak biltzen ari direla. Auzia motel ote doan galdetuta, Calparsorok aitortu du irudipen hori izan dezaketela herritarrek, baina azaldu du dela hala. Edonola ere, auzia azkartzeko nahia agertu du, eta ukatu fiskalari presio politikorik egin diotenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.