Ekonomia

Babes sozialeko gastuan EAE Europako "azken muturrean" dagoela salatu du ELAk

2010. urtean BPGd-aren %24,5 bideratu zuen, Europako Batasuneko bataz bestekoa %29,4koa zen bitartean.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko otsailaren 26a
13:04
Entzun

Bizkai, Araba eta Gipuzkoan “aberastasuna” egon badagoela uste du Mikel Noval ELAko Gizarte Politika arduradunak. Horiek, ordea, “gaizki banatzen” direla salatu du. Eta horren adierazle jarri du sindikatuak 2010ean EAEko babes sozialeko gastua —Eustatek orain dela gutxi argitaratu ditu datuak—: BPGd-aren %24,5. Datu horrek Europako Batasuneko “azken muturrean” uzten du erkidegoa, bertan batez beste BPGd-aren %29,4 bideratzen baita babes sozialerako gastuan. 4,9 puntu gutxiago, eta Europako rankingean 16. postuan. “EAEn batez besteko horren adina aberastasun bideratu izan balitz, errekurtso ekonomikoak 3.191 milioi euro gehiago izango lirateke”.

Babes sozialerako gastua kopuru horretan edukitzea “aukera politikoa” dela azaldu du Novalek, eta aurkako norabidea hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Baina ez dirudi aukera horren aldeko apustua egingo duenik. Bi aste barru aurkeztuko ditu aurrekontuak, eta bertan 1.200 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko Jaurlartizak. “Horrek gizarte gastua gutxituko du, langabezia eta pobrezia areagotu, eta ezberdintasun sozialean sakondu”.

ELAren azterketa bulegoak gaur goizean aurkeztu duen 16. buletinean, bestetik, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) argitaratu duen txostenaren inguruko irakurketa ere egin du sindikatuak. Ikerketa horren arabera, mundu mailan batez besteko soldata errealen hazkundea kirisiaren aurreko mailatik behera mantendu da. 2011n, esaterako, garapen handiena zegoen herrialdeetako soldata maila %0,5 jaitsi zen. Jaitsiera horrek kontsumoan eragin nabarmena izan du, eta estatuei dei zuzena egin die OITk: “Krisia murrizketen bidetik gaindituko den ikuspegi sinplista saihestu behar da”. Eta horren ordez, proposamena egin du. “Lan produktibitate igoeraren eta langileen soldaten hazkundearen arteko lotura handiago bat lortzeko politikak martxan jarri beharko lituzkete”.

Hori azalduta, Janire Landaluze Ikerketa bulegoko kideak esan du “ELAk aspalditik esaten duena” berretsi duela OITk. “Gutxieneko soldatak bizi eta lan egiteko baldintza duinak bermatzeko tresna” izan beharko luketela uste du sindikatuak, baina EAEko gutxieneko soldatek ez dute hori bermatzen. 645,3 eurokoa da gutxieneko soldata —748,3 euro aparteko ordain sarien zati proportzionalarekin—, eta batez beste hipotekaren truke 928,5 euro ordaintzen direla azpimarratu du sindikatuak. Horregatik, Europan dauden gutxieneko soldaten mailara igotzeko eskaera egin dute. Era horretan, aberastasuna banatu, eta bizi-baldintza duinak bermatuko lirateke.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.