Gizartea

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du sexu berekoak ezkontzea baimentzen duen legea

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du sexu berekoen artean ezkontzea baimentzen duen legea. PPk jarritako helegitea ez du onartu, beraz, auzitegiak. Bestalde, Frantziako Ministroen Kontseiluak bihar onartuko du sexu berekoak ezkontzea eta haurrak adoptatzea onartzen duen lege proiektua. 

Berria.info
2012ko azaroaren 6a
13:57
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legezkotzat jo du sexu bereko pertsonei elkarrekin ezkontzeko eskubidea ematen dien legea. Hala, atzera bota du lege horren aurka PPk jarritako helegitea. Zortzi magistratuk bozkatu dute legearen konstituzionaltasunaren alde, eta hiruk aurka. Beste magistratu bat abstenitu egin da. Espainiako Parlamentuak 2005ean onartu zuen legea, eta 2011ra arte 25.000 ezkontza egin dira lege horri esker Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian.
Bestalde, Frantziako Gobernuak biharko Ministroen Kontseiluan onartuko du sexu berekoek ezkondu eta adoptatzeko eskubidea izatea baimentzen duen lege proiektua. Ondoren parlamentura joango da, eta, han, sozialisten artean desadostasunak sortzen ez badira behintzat, lege bihurtuko da François Hollande presidentearen proiektua. 2013. urteko hasierara arte itxaron beharko da horretarako. Eta, hain zuzen ere, atzerapen horretaz kexu da Frantziako lesbiana, gay, bisexual eta transexualen (LGTB) kolektiboa.
Eliza katolikoa eta gutxiengo erlijiosoetako gainerako erakundeak —judutarrak, musulmanak eta beste— Hollanderen proiektuaren aurka agertu dira sutsu. Frantziako eskuineko alderdiek ere oso gogor kritikatu dute sozialisten egitasmoa. UMPko buru Jean-François Copek familiaren inguruko eztabaida handi bat eskatu du proiektua onartu aurretik. François Fillon lehen ministro ohiak, berriz, ziurtatu du eskuindarrek bertan behera utziko dutela legea gobernura iritsi bezain laster. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.