tortura

Estrasburgok Espainia kondenatu du Otamendiren tortura salaketa eraginkortasunez ez ikertzeagatik

[Ustream]http://www.ustream.tv/recorded/26192065[/Ustream] (Bideoa: arratsaldeko prentsaurrekoa) Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu duela ebatzi du Europak, torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik; 24.000 euroko ordainsaria ordaindu beharko dio Otamendiri. Iruinek esan du "oso sententzia garrantzitsua" dela, eta iragarri du halako epai gehiago etorriko direla Europako Giza Eskubideen Auzitegitik. 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiak 2008an jo zuen Estrasburgora, Espainiako Justiziako bide denak agortu ondotik. Otamendi: "Espainian torturatzea merkea da".

enekoitz esnaola
2012ko urriaren 16a
20:40
Entzun

Europako Giza Eskubideeen Auzitegiak Espainia kondenatu du Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiaren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu. Giza Eskubideen Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela dio ebazpenak. Otamendiren argudioak ontzat eman ditu Auzitegiak, eta torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik zigortu du Espainia. 24.000 euroko ordainsaria ematera zigortu du: 20.000 kalteengatik eta 4.000 auziaren kostuengatik. 

Ebazpena "albiste ona" dela esan du Otamendik horren berri jakin bezain laster. Eskerrak eman ditu Berria TBn egindako adierazpenetan.

Iruin: "Oso sententzia garrantzitsua da"

Iñigo Iruin abokatuak eta Otamendik 19:30etik aurrera prentsaurreko bat eman dute Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. BERRIA.INFOk zuzenean eskaini du (orain ere osorik ikus daiteke). Jende asko azaldu da bertara.

Iruinek esan du "oso sententzia garrantzitsua" dela Europak gaur jakinarazi duena duena. Gainera, iragarri du halako epai gehiago etorriko direla Europatik, "eta Espainiako Estatua ipurdibistan utziko dute".

Abokatuak azaldu duenez, Espainiak atxiloaldian ezartzen duen inkomunikazioak Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela dio Europako auzitegiak. "Europako epaiak esan du atxilotuei aurpegia estaltzea debekatu egin behar dela, epaileak berak aztertu behar duela atxilotua fisikoki, inkomunikatuari (Martxelori) bere abokatuarekin egoteko aukerarik ez ziola eman Espainiak, atxilotua non zegoen ez zuela jakinarazi Espainiak, epailearen kontrolik ez zela izan atxiloaldian eta epaileak zuzenean kontrolatu beharra duela hura —ez auzi medikuaren bidez—. Era berean, epaiak gogoratu du guardia zibil bat bera ez zela pasatu epaitegitik, Madrilgo epaileak ez ziola Otamendiri deklaraziorik hartu…".

Estrasburgok zuzenean egin die kritika Espainiako auzitegiei, Iruinek azpimarratu duenez. "Lehen aldiz Europako auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten pasibotasuna salatu du, Juan del Olmorena. Kritika zorrotza egiten dio. Madrilgo Lurralde Epaitegiari, berriz, ikerketa osoa ez egitea leporatzen dio Europak".

2010ean eta 2011n ere Europak Espainia zigortu zuen tortura salaketak eraginkortasunez ez ikertzeagatik, baina Iruinek dio gaurko epaiak "balio erantsia" duela, arestian aipatutako guztiengatik. "Pozik gaude. Horrelako borrokak luzeak izaten dira".

Otamendi: "Espainian torturatzea merkea da"

Martxelo Otamendik eskerrak eman dizkie abokatuei, "lan bikaina egiteagatik". Gogoratu du bera ez dela Egunkaria auziko torturatu bakarra. "Eta gu ez gara Euskal Herrian torturak jaso dituzten bakarrak. Torturengatik bizia galdu dutenak ditut gogoan bereziki. Torturaren aurka egin duten erakundeak ere bai".

Torturak saihestea erraza litzatekeela esan du, "tortura baita deliturik prebisibleena. Erraza da aurretik jakitea nork egingo egin delitua, baita non eta noiz egingo duen ere". Espainiak horretarako borondaterik ez daukala salatu du. "Merkea da torturatzea Espainian", azken batean milaka euro batzuk baino ez dituelako ordaindu behar kontrako epaia badu, oraingoan bezala. Argentinan tortura leporatuta berrehun militar eta polizia pasa daudela adierazi du Otamendik.

Egunkaria auzia bukatu gabe dagoela nabarmendu du, gainera. "Egunkaria-ko sumario nagusian —itxierakoan— absoluzio epaia eman zen, gaur tortura auzi bat irabazi dugu, baina auzi ekonomikoan zortzi lagun oraindik auzipetuta daude".

Espainian, bide guztiak agortuta

Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak 2008an jo zuen Estrasburgora, Espainiako auzitegietako bide guztiak agortu ondoren.

2003an Egunkaria-ren kontrako operazioan Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik sartu zuen parte Espainiaren kontra. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi zion, eta artikulu hori urratzea leporatu diote Espainiari epaileek.

Bi aurrekari

Europak horrelako 'euskal' kasuetan gaur arte bi aldiz eman du epaia salaketa aurkeztutakoaren alde: 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde. Otamendirena da hirugarrena. Beristainen kasuan, epaiaren arabera, arestian aipatutako artikulua urratu zuen Espainiak, eta kalte moralengatik hari 20.000 euro ordaintzeko agindu zion Europak. San Argimiroren kasuan, Espainiak 23.000 euro ordaindu beharko zizkion hari, arrazoi beragatik. 

Otamendiren abokatu Iñigo Iruinek bi epaiok izan ditu oinarri Europara jo eta salaketa argudiatzeko.

TAT Torturaren Aurkako Taldeak BERRIAri esan dionez, Europaren aldeko epai horiengatik Espainiako Estatuan egoera ez da askorik aldatu; tortura salaketak "gehixeago" ikertu izan dira, "edo, behintzat, ez dira berehala artxibatu".

Tortura kasuetan, Estrasburgoko auzitegiak dioenez, estatuak behartuta daude ikerketa ofizial eraginkorra egitera. Otamendik auzi medikuaren aurrean, Juan del Olmo epaile instruktorearen aurrean, Madrilgo epaitegian eta Tolosako epaitegian salatu zuen torturak jaso izana. Madrilgo Lurralde Auzitegiak, ordea, artxibatu egin zuen auzia, eta ondoren jarritako babes helegitea ez tramitatzea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak ―2008ko martxoan―. Otamendik 2008ko irailean jo zuen Europara.

Auzitegi Nazionalaren 'Egunkaria'-ko epaiko pasarte adierazgarriak 

Iazko irailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak jakinarazi zuen kontuan hartu zuela Egunkaria auziko absoluzio epaian (2010-04-12) torturen inguruan jasotakoa. Hain justu, Javier Gomez Bermudezek, Ramon Saez Valcarcelek eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiaren epaiaren arabera, auzipetuak atxilotuta eta inkomunikatuta egon ziren aldian, instrukzio epaileak ez zuen egin "baldintzen kontrol judizial nahikorik, ezta eraginkorrik ere".

Era berean, auziko epaimahaiak sinesgarritasuna eman zien auzipetuen tortura testigantzei (ikus Egunkaria.info-n Testigantzak: torturak...): "Epaituen deklarazioei dagokienez, nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarrei eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin —ahozko saioan xehe kontatu zituzten horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten—. Halere, auzitegi honek ezin du ondorio juridiko penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu judizialki nolakoa izan zen inkomunikazio aldia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.