"Nik institutuan ikasten nuen. Gerra hasi zenean, institutua itxi zuten, eta gu pozik, ikasketa eta azterketa barik, baina gure ama ez zegoen oso ados. Banco de Bilbaoko bulegoko zuzendariarekin berba egin zuen, han jendea falta zutelako, eta bertan hasi nintzen beharrean. Horregatik, bonbardatzearen egunean, bazkaldu ostean bankura joan nintzen, eta han harrapatu ninduen bonbardaketak".
"Nirekin bazegoen Lekeitioko bulegoan lan egindako bat; handik ihes egin behar izan zuen, eta Gernikako bulegoan egiten zuen behar. Biak bakarrik geunden kanpaiak jotzen hasi zirenean. Mendian bazegoen zaintza postu bat, eta abioiak zetozela ikusten zutenean, ikurrin batekin seinaleak egin eta hemengo elizetan hasten ziren kanpaiak jotzen.
"Zortzi hilabetez egon ginen gerran, eta hasieran, bai, denak egoten ginen ikaratuta, baina abioiak egunero pasatzen ziren eta, azkenean, kasurik ere ez genien egiten. Lekeitioko bulegariak galdetu zidan ea nora joan gintezkeen, eta nirekin joateko esan nion. Nik ez neukan joateko gogo handirik, baina bera nagusia izan eta joan behar. Lehen, plazan, bazegoen guk paseoa deitzen genuen leku bat inguruetan eskolak eta erdian terraza bat zeukana, eta terraza azpian lur azpiko lau aterpe zeuden. Hara joan ginen, eta lehenengo bonben zaratak entzun genituen, urrun. Antza denez, lehenengo bonbak Errenteria auzoan dagoen zubira bota zituzten, baina hura ez zuten ez zuten jo".
"Babeslekuetan mundu guztia hasi zen bultzaka, eta neu ere haietako batera sartu ninduten. Nire beldurra zen, han bonba bat jausten bazen, bizirik lurperatuta gelditzea. Altuera handirik ez zeukan aterpeak, eta handik bost edo hamar minutura, arnasa hartu ezinik geunden guztiak, hainbeste jenderekin. Gurean ez, baina esan zidaten beste batean airerik gabe gelditzen ari zirela, gizon batek pospoloa piztu eta segituan amatatu egiten zela, oxigenorik ez zegoelako".
"Hamar minutura edo —ziur ez dakit, erlojurik ez neukalako—, 'amaitu da', esan zuen batek, eta irten ahal izan ginen. Lagun batekin topo egin nuen, eta erabaki genuen Errenteriara joatea, zer pasatu zen ikustera, baina ostera ere hasi ziren kanpaiak jotzen, eta mundu guztia berriz barrura. Baina ni ez nintzen sartu, hain txarto pasatu nuen lehenengo aldian. Aterpeko sarreran gelditu nintzen. Aurrean zakuak eduki nituen, sarreran ipinita bonba bat erortzen bazen metraila barrura ez sartzeko, eta haien atzean egon nintzen hiru orduz".
"Nire ondoan gudari bat egon zen. Nik pentsatzen nuen esperientzia edukiko zuela, eta galdetu nion ea asko falta zen bonbardaketa amaitzeko. Ez zidan ezer erantzun. Gernikakoa baino hilabete arinago beste bonbardaketa bat egon zen Durangon, baina han bonbak bota zituzten eta segituan amaitu zen. Hemen, berriz, abioi batzuk joan eta besteak etorri egiten ziren. Gasteiztik eta Burgostik [Espainia] etortzen ziren, eta bonbak botatakoan, hara itzultzen ziren, gehiagoren bila".
"Bezperan, lagun batekin egon nintzen, alarmak jo zuen, eta galdetu nion: 'Bonbardaketa egongo balitz, zu nora joango zinateke?'. 'Nik badaukat leku bat polita', erantzun zuen berak. Lumoko bidean zegoen zulo bat zen; han sartuta, bonbak bertan-bertan jo ezean, ez zegoen arriskurik. Bonbardaketak iraun zuen bitartean galdetzen nion neure buruari: 'zergatik ez naiz hara joan, hemen lotuta egon beharrean, alde egin ezinik!'".
"Bonben zarata entzuten nuen, baina, zakuen atzean egonda, ez nuen ezer ikusten. Nik pentsatzen nuen bonbardatze normala izango zela hura, baina amaitu zenean eta zakuen atzetik irten nintzenean herri osoa erreta zegoela ikusi nuen. Den-dena erreta".
"Arrapaladan atera nintzen, Lumorako bidean. Mundu guztia hor zebilen, herritik irten nahian eta aita, ama edo anaia ikusi ote zuten elkarri galdezka. Nire lagunaren babeslekuaren ondotik pasa nintzen, eta gorpu batzuk ikusi nituen han. Hurbildu nintzen ikustera, eta han zegoen gudari batek baztertu ninduen. Pentsa, ni leku haren inbidiaz egon nintzen bonbardaketa guztian, eta azkenean, suertea zer den".
"Beste lagun batekin egin nuen topo eta mendira jo genuen. Menditik herri osoa ikusten zen, eta han egon ginen herria nola erretzen zen ikusten. Lagun hura nire etxe ondoan bizi zen. Haren etxea Gernikako handiena izango zen beharbada, eta handik ikusi genuen bere etxea nola jausten zen. 'Han daude nire amama eta nire osaba', esan zidan; 'bat gorra da, eta bestea aulki batean dago mugitu ezinik'".
"Ez genekien nora joan. Gernikara itzultzea, pentsatu ere ez; beraz, Lumora joan ginen. Etxe batean argia ikusi genuen, eta jendea barruan. Han topatu genuen lo egiteko lekua. Etxeko andreak ezagutzen ninduen, garai hartan Gernika 5.000 biztanle inguruko herria zelako eta denok ezagutzen genuelako elkar. Gainera, gure amak altzari denda zeukan, eta aitak ikatza saltzen zuen. Beraz, oso ezagunak ziren. Andreak esnea eman zigun, eta gero zaku bat, kortara lo egitera joateko. Han ederto egon ginen, asto, behi eta abarren arnasarekin berotuta zegoelako korta. Lo gelditu nintzen. Handik ordu batzuetara, esnatu nintzen eta kalean nire izena esaten zutela entzun nuen. Nire ama zen, ni aurkitu nahian zebilela".
"Bonbardaketaren eguna astelehena izan zen, eta azoka egon zen, leku batzuetan azokarik ez zela egon idatzi duten arren. Ni handik pasa nintzen eta jende mordoa ikusi nuen. Bestela ez zen inor egongo. Arratsaldeko pilota partida bai, hori bertan behera gelditu zen".
"Gernikatik Bilbora joan ginen, eta handik itsasontzi batean Santander aldera joan ginen. Baina han ere, jende larregi eta jateko gutxi. Amak jakin zuen beste itsasontzi bat Frantzia- ra ateratzekoa zela, eta hara joan ginen. Bi edo hiru hilabete eman genuen Vernonen (Frantzia)".
"Aita bakarrik gelditu zen Bilbon, eta mezua helarazi zigun Euskal Herrira itzultzeko. Etortzean, Donostiatik Bilborako trenean, bilbotar batekin egin genuen topo. Berbetan hasi ginen, eta bonbardaketagatik ihes egin genuela esan genionean, esan zigun: 'Ixo! Ez esan bonbardaketa egon dela, beharbada zigortuko zaituztete eta'. Han jakin genuen frankistek esaten zutela Gernika gorriek erre zutela. Antza denez, Francori min handia egin zion horrek, Frantzian-eta egunkari guztietan agertu zelako albistea".
"Gernikako Bakearen Museoan badaude argazki bi. Lehenengoan, San Joan eliza agertzen da. Hemen zegoen eta erre egin zen eliza. Argazki hori bonbardaketa izan eta hilabete batzuk geroago aterata dago, dena garbi-garbi dagoelako, eta bidoi batzuk agertzen dira han. Bigarren argazkia ere San Joan elizakoa da, eta bonbardaketaren hurrengo egunean aterata dago, antza; kea ikusten da, dena harriz beteta, eta han ez da agertzen bidoirik. Guk, gernikarrok, badakigu bidoi haiek nondik hartu zituzten. Han egon zen gasolina emateko iturri bat. Orduan ez zegoen, gaur moduan, lurpeko biltegirik, eta bidoietan gordetzen zuten gasolina. Hango bidoiak hartu zituzten".