Etxepare Euskal Institutuak iragarri duenez, apirilaren 11n Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren izena daraman katedrari hasiera emango dio Chicagoko (AEB) Unibertsitatean, eta udazkenean, berriz, euskal artearen inguruko Eduardo Txillida katedra zabalduko du Frankfurteko (Akemania) Goethe unibertsitatean. New Yorkeko (AEB) CUNY unibertsitateko Bernardo Atxaga katedraren aurtengo egitaraua ere zehazten hasita dago Etxepare institutua.
Lourdes Oñederra EHUko fonologiako katedraduna izango da Koldo Mitxelena katedrako lehen irakaslea, eta egitarauan egongo dira, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia edo Eider Rodriguez idazleen mahainguruak, Helena Taberna eta Asier Altunaren euskal filmen proiekzioak eta Paddy Woodworth-en hitzaldia.
Egitarauari Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak eta Mari Jose Olaziregi Etxepareko euskara sustatzeko eta hedatzeko zuzendariak emango diote hasiera.
Eduardo Txillida katedra 2012-2013 ikasturtetik aurrera emango dute, eta xedea "haren obra esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea izango da". Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa. Gainera, urtero ikertzaile bat gonbidatuko dute, mintegia edo hitzaldien ziklo bat eman dezan.
Horren guztiaren berri emateko, Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariak eta Mari Jose Olaziregik prentsaurrekoa eskaini dute gaur, Donostian.