ETAk borroka armatua bukatu du

"Jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki" duela jakinarazi du, BERRIAri helarazitako adierazpenean. Beraz, baiezkoa eman dio Donostiako Nazioarteko Konferentziako eskaerari; izan ere, "adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du". Erakunde armatuak Espainiako eta Frantziako gobernuei  "gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko" eskatu die. Duela 52 urte sortu zuten ETA.

2011ko urriaren 23a
09:09
Entzun

"ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du". Hala jakinarazi du euskal erakunde armatuak ostegun arratsaldean, BERRIAri helarazitako agiri batean —urriaren 20ko data du adierazpenak—. Ondorioz, baiezkoa eman dio astelehenean Donostian Nazioarteko Konferentzian sei buruzagik ateratako ebazpenari. Hain zuzen, ETAri dei egiten zioten "jarduera armatuaren behin betiko amaiera" iragartzeko.

Erakunde armatuarentzat, "garrantzi politiko handiko" konferentzia izan da eta, "adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du".

ETAk halako iragarpena egingo balu, nazioarteko buruzagiek Frantziari eta Espainiari "gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko" eskatu diete ebazpenaren bidez. Egin du ETAk iragarpen hori, orain, eta berak ere "Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du".

Aitortu du hemendik aurrerako bidea ere ez dela erraza izango, baina "etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da. Baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere". Izan ere, "Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen" ari dela dio, eta "mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa" dagoela. "Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta akordioak ezaugarritu behar dute aro berria. Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea ukazioari gailendu behar zaizkio. Hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia. Urte luzeetako borrokak sortu du aukera".

Kofi Annan, Gro Harlem, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powellen ebazpena

Donostiako Bakearen Etxean izan zen astelehenean Nazioarteko Konferentzia, eta Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak euren ebazpena irakurri zuten amaieran.

Asteazkenean atxikimendua eman zuten Jimmy Carter AEBetako presidente izandakoak, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta George Mitchell AEBetako senatari ohiak.

Euskal Herriko eragile askok hartu zuten parte Donostiako konferentzian. Tartean, PSE-EEk, eta PS, UMP eta Modemeko ordezkariek.

Ezker abertzaleak ETAri asteartean eskatu zion pauso hori emateko

Asteartean ezker abertzaleak esan zuen konferentziako "ebazpeneko ondorio guztiei babes osoa eta irmoa" adierazten ziela. Jendaurrean behintzat, ezker abertzaleak lehen aldiz eskatu zion ETAri armak uzteko.

Erakunde armatuak iazko irailean iragarri zuen "eraso ekintza armaturik" ez egiteko erabakia hartua zuela. Aurtengo urtarrilaren 10ean su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria eman zuen, eta martxoan jakinarazi zuen 'zerga iraultzailea' bukatu zuela.

Ezker abertzaleak apustu estrategiko berriari buruz 2009ko bukaeran barne gogoeta abiatu zuenetik, ETAk horren aldeko jarrera agertu izan du jendaurrean. Ezker abertzaleak 2010eko otsailean bukatu zuen barne hausnarketa, Zutik Euskal Herria adierazpena aterata, eta bide politiko eta demokratiko soilen alde azaldu zen —era berean, nazioartea inplikatu beharraz eta indar subiranistak metatu beharraz mintzatu zen—.

1959an sortu zen

1959an sortu zen ETA, "nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea", orduan zioenez —oraingo agirian ere definizio bera erabili du—. "Ez da bide erraza izan", aitortu du gaur ETAk. "Borrokaren gogorrak burkide asko betiko eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta omenaldirik sentituena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.