Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du gaur egun dagoen "biolentzia bakarra ETArena" dela, eta bere ustez "pedagogikoa" litzateke Bilduk ETAri behin betiko desagertzea eskatzea. Aresek gaineratu du ez duela ulertzen "Bilduk gauzei euren izenarekin deitzeko duen beldurra". Dei egin dio Bilduri ETAk "traba egiten duela" esatera.
"Egiten duenean eman ahal izango dizkigu demokrazia eta herri honekiko konpromiso lezioak, orain arte euren burua demokratatzat jotzen zuten askok jendea hiltzen zutenean beste leku batera begiratzen baitzuten".
Aresek, gainera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak ETArekiko, bakearekiko eta biolentziarekiko izan duen kezka nabarmendu du. Atzo iragarri zuen Rodriguez Zapaterok azaroaren 20rako deituko dituela hauteskundeak Espainian.
Aresen hitzteetan Zapaterok "jarrera ausarta" izan zuen 2006ko su-etenean, "bake-prozesua hasiz", eta gaur egun "tunelaren amaieran argia ikusten bada" Zapateroren ekimen politiko horren "ondorio" dela gaineratu du.