Xavier Tondo txirrindularia (Herrialde Katalanak, 32 urte) hil da gaur goizean Pradollanon (Granada, Espainia), garajeko ateak harrapatuta. Hamarrak aldera izan du ezbeharra, Guardia Zibilak esan duenez, autoarekin garajetik irtetear ari zela.
Garajeko atea ixten ari zela ikusita, autotik atera da Tondo, baina ibilgailua aterantz joan da eta hura harrapatu du. Autoaren eta garajeko atearen artean harrapatuta geratu da Tondo.
Movistar taldeko kidea Sierra Nevada inguruan Frantziako Tourra prestatzen ari zen. Besteak beste, Beñat Intxausti euskal ziklistarekin zebilen entrenatzen egunotan. Hain zuzen, Tondoren autoan zegoen Intxausti istripua jazo denean, aurrean eskumako aulkian. Berak artatu du lehendabizi, baina hilik zela ohartu da.
Tondok 2003an egin zuen debuta profesionaletan, Paternina-Costa de Almeria taldearekin. Aurtendik zegoen Movistarren. 2010ean lortu zuen bere garaipenik garrantzitsuena: Paris-Nizako etapa bat. 2007an Portugalgo itzulia irabazi zuen.
Vallskoa zen Tondo, Tarragonakoa.