Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu du Bildu koalizioaren babes helegitea, eta hau maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan izango da. Elmundo.es-ek eman du albistea 23:30 pasatxo zirela. Maria Peral kazetariak sinatu du berria, eta hark oso iturri onak erabili ohi ditu halakoetan. Konstituzionalak osoko bilkuran Bilduren debekuari buruzko ponentziaren kontra sei magistratuk bozkatu dute, bostek alde, web hareb arabera.
Pascual Sala, Eugenio Gay, Elisa Perez Vera, Pablo Perez Tremps, Luis Ortega eta Adela Asua epaileak agertu dira debekuaren aurka. Debekuaren alde: Manuel Aragon, Javier Delgado, Francisco Hernando, Ramon Rodriguez eta Francisco Perez de los Cobos.
Gauerdirako jakinaraziko dute behin betiko ebazpena, betiere hauteskundeak betetzen badituzte.
Osoko bilkuraren batzarraren aurretik Konstituzionaleko bigarren aretoko sei epaileek berdindu egin dute bozketan eta, kalitatezko botorik erabiliko ez dutenez, osoko batzarrera deitu dute auzia deliberatzeko. Horko 11 magistratuek 20:30ak aldera ekin diote batzarrari.
Gaur goizean atzo koalizioak aurkeztutako babes helegitea eta Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren alegazioak —gaur goizean aurkeztu dituzte— aztertzen aritu dira bigarren aretoko epaileak.
Gorenean, bederatzi epaile baliogabetzearen alde, sei kontra
Gorenak igande gauean erabaki zuen Bilduren 254 hauteskunde zerrendak baliogabetzea. 61eko salako bederatzi epailek egin zuten baliogabetzearen alde, eta seik, kontra. Beste bat zerrenda batzuk ontzat jotzearen alde agertu zen. Aretoko gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute Bildu, eta EA eta Alternatiba erabili dituzte ezker abertzalea atzera erakunde publikoetan egoteko. EAk eta Alternatibak ez ezik, independenteek ere osatzen dute koalizioa, baina Gorenak dio horiek erakundeetan baleude "ETAren aldeko politika" egingo luketela.
Bilbon milaka lagun protestan
Madrilen erabakia hartzen den bitartean, Bilbon milaka eta milaka pertsona manifestatzen ari dira kalean Bilduren legalizazioarern alde. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetaria Berriketan.info sare sozialean azaltzen ari denez, jendetza azaldu da gaur Jesusen Bihotza enparantzara 20:00etan Bilduren legalizazioaren alde hasi den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Txalo artean hasi da, eta ”Bildu aurrera!”, ”Independentzia” eta "Demokrazia Euskal Herriarentzat" oihukatu dute. Bilboko hainbat erakundek deitu dute, eta ondoren Areatzan ekitaldi politikoa egin eta Auzitegi Konstituzionalak hartuko duen erabakiaren zain geratzera ere deitu dute. Ibai Maruri BERRIAko kazetaria ari da bertatik, Berriketan.info-n.
Bilduko ordezkariak gustura agertu dira Bilboko kaleetan jasotzen ari diren erantzunarekin. Herritarren artean, Martin Garitano Bilduko Gipuzkoako hautagaia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rafa Larreina eta Unai Ziarreta EAko kideak, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Tasio Erkizia, Marian Beitialarrangoitia eta Niko Moreno ezker abertzaleko kideak, eta Unai Sordo Euskadiko CCOO idazkari nagusia. ”Agerian geratu da euskal gizarteak eskatzen duena. Argi esan du ez duela betorik eta ilegalizaziorik onartuko; bere kasa erabaki nahi duela. PSOEk eta PPk kontutan hartu behar lukete”, esan du Pello Urizarrek protesta abiatu aurretik.
Iruñean ere Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak bilkura deitu du Udaletxe enparantzan, eta bete egin da Herritarrok gure eskubideak. Herritarrok kalera lelopean. Eserialdia egiten ari dira parte-hartzaileak, eta LABeko kide batek biharko mobilizazioen gaineko adierazpenak egin ditu, Bilduren legalizazioaren alde. Bihar Gaztelu enparantzan burrunbara deitu dute, 18:30ean. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduko hautagaiek hitz egin diete eserialdian parte hartzen ari direnei, eta azken horrek "gertatzen dena gertatzen delarik ere, aurrera" egingo dutela esan du. Kantuan daude Konstituzionalaren erabakiaren zain.
Hernandoren kontrako errefusatzea, atzera
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak goizean ez du aintzat hartu Bildu koalizioaren defentsak Francisco Hernando magistratuaren aurka aurkeztutako errefusatzea, eta, ondorioz, epailea ez du auzitik kanpo utzi. Bilduk argudiatu zuen Hernandok legez kanporatze kasu batzuetan parte hartu zuela Gorenean presidente izan zen garaian eta ez dela egokia orain Bilduren auzian parte hartzea Konstituzionalean.
Auzitegiko bilkura osoko batzarrak hartu du Hernandoren aldeko erabakia, aho batez. Hamar epaile izan dira bileran; Hernando bera ez.
Guardia Zibilaren 'ekarpena' gaur bertan
Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Guardia Zibilak emandako idatzi bat aurkeztu dute gaur bertan auzitegian: ETAk eta EAk 2009an ustez egindako bilera bateko akta. Hala ere, ez dago garbi auzitegiak onartuko duen agiri hori. Txostenak dio lau orduz batu zirela eta hauteskundeetarako indar independentisten metaketa izan zutela hizpide. Dena dela, ez du esaten nork hartu zuten parte bileran.
EAk 13:00ak aldera ohar baten bidez jakinarazi du erabat gezurra dela ETArekin bildu zela, eta ekinbide judizialak hasiko ditu, "irain larriengatik". Alderdiak uste du "hedabide batzuek joko zikina" erabiltzen dutela. Carlos Garaikoetxeak eskandaluzko maniobra dela gaineratu du, eta Guardia Zibila iruzur egiten ari dela salatu du, azken unean Konstituzionalaren erabakia baldintzatzeko.