Goizeko sei eta erdiak aldetik libre da Jon Agirre Agiriano (Aramaio, 1942), azkeneko 30 urteetan kartzelan egon ostean. Basauriko espetxean eduki dute azkenaldian. Gaur atarian ehunen bat lagun zeuden, harrera egiteko. Euria zela-eta ondoko ikastetxe batera joan dira ekitaldi laburra egitera; aurreskua dantzatu eta lore sorta eman diote. Ondoren, Aramaiora abiatu da preso ohia, senideekin eta. 19:00 aldera egingo diote han harrera.
Besteak beste, Tasio Erkizia, Niko Moreno eta Aitor Bezares ezker abertzaleko kideak zeuden kartzela kanpoan, eta Erkiziak esan du Espainiako Estatuak euskal presoen aurka daraman politika "ankerra" dela.
Etxerat elkarteak ongietorria eman dio preso ohiari, eta haren kasua salatu du, bide batez. "30 urte eman ditu Jonek espetxean. Gaixo egon da, larri, eta nahiz eta ezarritako zigorra kasik duela bost urte bete eta bere bizitza benetako arriskuan egon, ez dute askatu".
1981eko maiatzaren 11n atxilotu zuten, ETArekin harremanak zituela egotzita. Geroztik, Carabanchel, Puerto I.a, Alcala-Meco, Herrera de la Mancha, Langraiz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriro Alcala-Meco, Valdemoro, Tenerife II.a, Huelva II.a, Malaga, Logroño, Martutene eta Basauriko espetxeetan izan dute.
Jarri zioten zigorra 2006ko urriaren 28an bete zuen —hiru hilketa egitea leporatu zioten—, baina 197/2006 doktrina zela medio, zigorra luzatu eta kaleratu dute.
"Agirrek, [Jose Mari Sagardui] Gatzak eta beste askok bezala, aurre egin dio espetxe politikak suposatzen duen xantaia amaigabeari. Garesti ordaindu du, 30 urteko espetxeratzearekin eta horren ondorioz sortutako artrosi orokorra eta bestelako gaitz sendaezinekin, baina Europan indarrean dagoen bortizkeria politikoari tinko eutsi ondoren gure artean da berriz", esan du Etxerat-ek.