30 urteko diktadura amaitu da. "Herrialdeak bizi duen egoera zaila dela eta", Hosni Mubarakek dimisoa aurkeztu du gaur arratsaldean. Hala adierazi du Omaar Suleiman presidenteordeak. Boterea militarren eskuetan utzi du. Mohamed Hussein Tantawi Defentsa ministroak jarri dute Armadaren Kontseilu Gorenaren behin-behineko buruan. "Eman beharreko pausoak aztertzen" ari dela esan du armadak adierazpen ofizial baten bidez; eta gutxi barru jarraituko duten bide orria aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Albistearen berri izan dutenean, Tahrir plazan bilduta dagoen jendetza pozez zoratzen jarri da. Plaza altxamenduaren ikur bihurtu da, protesten erdigune izan delako hemezortzi egunez. Gero eta jende gehiago elkartzen ari da han, Mubarak erori dela ospatzeko. "Herriak erregimena bota du" eta "armada eta herria bat dira" bezalako oihuak entzun daitezke inguruan. Egiptoko banderak nonahi ikusi daiteke, eta etorkizunera begira itxaropena da nagusi kaleetan. Al Jazeera katea zuzenean ematen ari den irudietan herria kalera atera dela ikus daiteke. Gazte zein zahar, gizon edo emakume; guztiko batasuna antzeman daiteke. "Egipto hobeago baten aukerarekin sinisten" dute orain herritarrek.
Bien bitartean, agintariak trantsizioan pentsatzen jarri dira. Tantawi behin-behinean dago boterean, eta ez dago argi zeinek eramango duen trantsizioa aurrera. Dagoeneko hainbat izen azaldu dira hedabideetan. Tantawi bera, Suleiman presidenteordea eta Sami Enan armadako burua. Hiruek AEBen babesa izango luketela dirudi.
Dimisioaren berri eman aurretik, Mubarak eta bere familia Kairotik joan dela jakinarazi du Al Arabija kateak. Arabilako aireportu militarretik atera dela ziurtatu dute, baina ez dakitela zein norabide hartu duen. Zenbait iturriren arabera, asteburu pasa joan da, baina edonola ere, albisteak zurrumurruak piztu ditu Egipton eta nazioartean. Zurrumurru horien arabera, litekeena da Sharm el Sheik hiri turistikora joan izana. Arratsaldean hainbat helikoptero ibili dira lurreratzen eta aireratzen presidentearen jauregian, eta erabat ezinezkoa da jakiten Mubarak horietako zeinetan atera den; ibilgailu horietakoren bat erabili badu, behinik behin.
Egiptoarrak Mubaraken dimisoaren berri noiz izango itxaroten ari ziren. Albistea jakin baino lehenago presidentziak "presazko adierazpen garrantzitsua" egin behar zuela jakinarazi du, eta horrek arreta guztia bereganatu du. Azkenean, berria Mubaraken dimisioa izan da. Beraz gain, Hossam Badrawi idazkari nagusiak ere "hurrengo orduetan" dimisioa aurkeztuko du BBC kateari adierazi dionez. Urtarrilaren 25ean istiluak hasi zirenetik, Egiptoko Gobernuko kideak pixkanaka erortzen hasi dira, atal nagusia gaur erori den arte.
Egiptoko armadaren kontseilu nagusia gaur goizean bildu ondoren, larrialdi egoera "egonkortasuna iristean" kenduko duela zabaldu du. Horrez gain, hauteskunde libreak egongo direla baieztatu dute, nahiz eta ez esan noiz izango diren boz horiek; eta Mubarak presidenteak Omaar Suleiman presidenteordearen esku zenbait ardura uzteko erabakia babestu dute. Mubarakek irailera arte ez duela kargua utziko berretsi zuen atzo, eta zenbait ardura Suleimanen esku utziko zituela. Halere, protestak ez dira eten egun osoan zehar.
Are eta gehiago handitu zen atzo herritarren haserrea, eta gaurko protestak areagotzea espero da. Martirren Ostirala deitu dute gaurkoa, eta otoitzaren orduaren ondoren Mubaraken aurkako martxa handiak espero dira. Presidentearen aurkako protestak hasi zirenetik, jendetza handiena bildu da gaur Tahrir plazan. Rami Raoof oposizioko kideetako batek Al Jazeerari esan dio baketsuak izango direla protestak eta biolentziarik bada hori erregimenak sortutakoa izango dela.
Mubaraken atzoko iragarpenaren ondoren, milaka pertsona Tahrir enparantzan geratu dira bart Kairon, protestak hasi zirenetik Mubaraken dimisioa eskatzen dutenen bilgune nagusian. Mubaraken egoitzara ere joan ziren horietako asko atzo, diskurtsoaren ondoren. Egiptoko irratiaren eta telebistaren egoitzen aurrean ere herritar asko bildu zen.
Kairotik at, Suezen istiluak areagotu egin dira, eta Al Arabija telebista kateak azaldu duenez, hainbat manifestarik bere gain hartu dituzte gobernuaren hainbat egoitza.
Estatu kolpe zurrumurrua
Protestak ez direla eten ikusita, armadak orain arte jarrera neutrala izan du (giza-eskubideen aldeko zenbait erakundek, ordea, atxiloketak, torturak, hilketak eta desagerketak salatu dituzte). Tahrir enparantzaren inguruan eta hainbat erakunderen atarietan tankeak jarri dituzte, eta militarrek esan dute manifestarien aurka ez dutela biolentziarik erabiliko. Armadaren kontseilu nagusiak atzo jakinarazi zuen "nazioa babesteko hartu beharreko neurriak" hartzen hasiak zirela, eta "herritarren eskakizunak babesteko neurriak" zirela esan zuten.
Armadako buruetako batek, Ahmed Ali Shoumanek, Reuters albiste agentziari esan dio "herriari elkartasuna adierazteko mugimenduak hasi direla" eta hamabost ofizialek jada bat egin dutela "iraultzarekin", horien artean kapitainak eta koronelak. "Gure helburuak eta herriarenak berberak dira, esan zuen, eta gaurko otoitzaren ondoren beste militar batzuek herritarrekin bat egingo dutela iragarri du. "Herria eta armada batuta daude".
Nazioartetik ere eragozpenak izan ditu Mubarakek azken ordura arte, eta agintariaren korapiloa estutzen jarraitu dute. Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak esan du egiptoko buruzagiaren eskaintzak "gutxiegi" direla: "Manifestarien eta mugimendu demokratikoen dezepzioa ulertzekoa da". AEBetako etxe zuriak ere haien larridura azaldu du.
Protestak Egipton
Mubarakek agintea utzi du
Armadaren esku utzi du agintea azken 30 urteetan Egiptoko presidente izan denak. Armadaren Kontseilu Gorenaren behin-behineko buru izendatu dute Mohamed Hussein Tantawi Defentsa ministroa. Armada "eman beharreko pausoak aztertzen" ari da. Tahrir plazan bildutako jendetza pozez zoratzen dago. Kairo orain dela ordu batzuk utzi du Mubarakek, baina ez da publiko egin non dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu