Xabier Atristrainek Guardia Zibilaren aurrean egin zuen bigarren deklarazioa ez zuen sinatu ofizioko abokatuak. Hala jakinarazi du gaur AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Atristainek berak eta sarekada berean atxilotutako Juan Carlos Besancek salatu dituzten torturen berri ematearekin batera. Hain zuzen ere, Atristrainen egoera zein zen ikusita erabaki zuen ofizioko abokatuak deklarazioa ez sinatzea, eta, halaber, inkomunikazioaren aurka zegoela jakinarazi zuen.
Gainerakoan, tortura gogorren lekukotasuna eman dute Atristrainek zein Besancek. Diotenez, atxilotu eta autoan Madrilera zeramatzatela hasi ziren tratu txarrak: ibilgailuan bertan poltsa egin zieten eta Besancek bi aldiz galdu zuen konortea. Polizia etxean ere beste hainbatetan egin zieten poltsa, eta botalarria eta takikardiak eragin zizkioten Atristraini, AAMk dioenez.
Gorputza apargomatan bildua behin eta berriz jipoitu dituztela salatu dute biek eta, era berean, haien inguruko pertsonak baliatu dituztela mehatxu egiteko. Hala, Besancek salatu du berarekin batera anaia Jose Luis atxilotu izana presio bide bat izan dela -hiru egunen buruan aske utzi zuten- eta neska-lagunarekin egiten ziotela mehatxu agertu du Atristrainek.
Bost eguneko inkomunikazio aldi horren ondoren, begietan arazoak ditu orain Besancek -malkoak isurtzen zaizkio etengabe eta ez du ondo ikusten-, eta Atristrainek azala joana du buruko zati batean.
Atxilotu biei ETAko kide izatea leporatzen diete, eta akusazio horren pean baldintzarik gabe espetxeratu zituen Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Gaur zortzi atzeman zituzten: Atristrain Usurbilen, Besance Villabonan. Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioan oinarrituta, epaileak 2008an Venezuelan trebakuntza militarra jaso izana egotzi die, eta Arturo Cubillas Hugo Chavezen gobernuko funtzionari bat nahastu du horretan. Era berean, Kolonbiako FARC gerrillarekin ere nahastu dituzte.
Politika
Atristrainen egoera ikusita ofizioko abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari
Tortura larriak salatu dituzte joan den asteazkenean atxilotutako Atristain eta Besancek; besteak beste, poltsaren ondorioz konortea hainbatetan galdu zutela eta jipoitze eta mehatxuak etengabeak izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu