atxiloketak

Epaileak kartzelara bidali ditu Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance, eta biok "tortura latzak" jaso izana salatu dute

Lehergaiak eta armak izatea leporatu die Ismael Moreno epaileak, eta ustezko etakide bati informazioa ematea. Asteazkenetik inkomunikatuta izan ditu Guardia Zibilak. Rubalcabaren arabera, Besancek Jose Javier Mugika Leitzako UPNko zinegotziaren hilketan parte hartu zuen.

2010eko urriaren 4a
15:55
Entzun
Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe Soto del Real espetxera (Madril, Espainia) bidali ditu Xabier Atristain (Donostia, 39 urte) eta Juan Carlos Besance (Villabona, 40 urte), ETArekin harremana dutelakoan. Lehergaiak eta armak izatea egotzi die, eta autoan dio biak 2008an Venezuelara joan zirela armak erabiltzen jakiteko ikastaroak hartzera. Horretaz gain, epailearen arabera, Ibai Beobide ustezko etakideari informazioa ematen zioten.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak gaur esan duenez, Besancek Jose Javier Mugika Leitzako UPNko zinegotziaren hilketan parte hartu zuen, 2001eko uztailean. Hark dioenez, 2000n Jose Ramon Rekalde PSE-EEko kide eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Hezkuntza sailburu ohiaren aurkako atentatu saioan ere hartu zuen parte hark. Navian (Asturias, Espainia) mintzatu da Rubalcaba, epailea bi atxilotuekin zela.

Guardia Zibilak gaur eraman ditu Atristain eta Besance Morenoren aurrera. Asteazkenean atxilotu zituen Usurbilen eta Villabonan, eta harrezkero inkomunikatuta izan ditu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur esan duenez, bi atxilotuek gaur bost minutuz euren abokatuekin egoteko aukera izan dute, eta horiei esan diete atxiloaldia "oso gogorra" izan dela eta "tortura latzak" jaso dituztela.

Ikerketako iturriek diote ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzala, eta 101 kilo lehergai atzeman zizkietela Villabonan, baita 2001ean lapurtutako auto bat ere -Renault 19 markakoa-. Guardia Zibilak ostiralean jakinarazi zuen Donostiako lokal batean lehergaiak eta armak aurkitu zituela, Puio auzoko lokal batean, eta atzo pistola bat aurkitu zuela Atristainen etxean.

Jesus Mari Besance (Villabona, 36 urte) ere atzeman zuten orduan, baina larunbatean libre utzi zuten Madrilen, epailearen aurretik pasatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.