Atzo Parisen izandako "gertaeren modukoek euskal jendartean zalantza, ziurgabetasuna eta etsipena" sortzen dituztela aitortu du ezker abertzaleak gaur 19:30ak aldera ateratako oharrean eta, haren arabera, "eragile guztiek, eta bereziki Euskadi Ta Askatasunak eta Espainiako eta Frantziako estatuek, prozesu demokratikoarekiko konpromiso argi eta zehatzak hartu behar dituzte".
ETAri, halaber, eskatu dio erakunde armatuak berak urtarrilean argitaraturiko agirian azaldutako "prozesu demokratikoaren aldeko posizioa berresteko".
Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpenaren ondotik hartutako bidea berretsi du. "Konpromiso osoa" azaldu du. "Orain inoiz baino gehiago, eztabaidaren ostean martxan jarririko prozesu demokratikoa sendotu egin behar dugu; herri aktibazioan eta indar metaketan oinarrituriko eta soilik bide politiko eta demokratikoetatik eta inolako indarkeriarik gabe garatu behar den prozesua".
Haren ustez, atzoko gertakaria ETAko kideen eta Frantziako Poliziaren arteko "ezusteko talka" izan zela dirudi, baina "ETAk aldez aurretik prestaturiko ekintza bat ez izateak ez die gertaerei larritasunik kentzen". Polizia bat hil zen, tiroz, eta ezker abertzaleak "samina" adierazi du.
Jon Anzaren auzia -gerra zikintzat jo du- eta atzoko hilketa "gatazka politiko egoera batean" kokatu ditu. "Gure lehentasuna gatazka gainditzea da".
Ipar Euskal Herriko Batasunak lehenago atera du prentsa oharra, eta hark ere "samindura" agertu du atzoko "enfrentamenduan pertsona bat hilik suertatu" zelako. "Ustekabeko tiroketa hori" Euskal Herriak bizi duen gatazka egoeran kokatu behar dela dio Iparraldeko Batasunak. "Dudarik gabe, gertakari honek, eta azken asteetan egon diren beste batzuk, era krudelean agerian utzi dute gatazka honek eragiten dituen ondorio latzak eta sufrikarioa. Hortara, gure engaiamendu sendoa, gatazka honen behin betiko konponbide politikoa gauzatzea da, halako gertakariak berriz gertatu ez daitezen".
Atxilotutako ustezko etakideak ez zuen tiro egin, ikerketako bertsioaren arabera
Frantziako Fiskaltza Antiterroristak baieztatu du atzo Paris ondoan izandako erasoaren egilea ETA izan dela. Frantziako polizia bat hil zen bertan, tiroketan: Jean Serge Nerin. 52 urte zituen, eta 30 zeramatzan Polizian.
Ustezko etakide bat atxilotu zuten tiroketan baina, ikerketako iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, hark ez zuen tirorik egin, Poliziak atxikia zeukala beste ustezko etakide batzuk heldu zirelako eta horiek egin zutelako tiro.
Hasieran zabaldu zuten Joseba Fernandez Aspurz iruindarra dela atzeman dutena -kale erasoengatik atxilotu zuten 2008an, eta egun bilaketa eta atxilotze agindupean zegoen iazko azarotik epaiketara ez zelako agertu-. Dena dela, Fiskaltzak ez du datu hori baieztatu. Atxilotuak pistola bat zeramala eta bere burua ETAko kide gisa aurkeztu zuela erantsi dute polizia iturriek. SDAT Terrorismoaren Kontrako taldeko polizien esku dago.
Poliziak operazio zabala jarri du martxan herrialdean, atzo gauean polizia bat hil zuten taldeko beste kideak atxilotu ahal izateko.
Atzo arratsaldeko zazpiak eta laurden inguruan gertatu zen gertaera. Frantziako Poliziako iturriek agertu dutenez, Dammarie les Lyseko Auto Contact ibilgailu saltokian sei auto lapurtu zituzten zortzi-hamar lagunek, gerenteari mehatxu eta langile bati mehatxu egin ondoren.
Handik gutxira eta handik hurbil, Villiers en Bieren, ondoko herrian, Frantziako Poliziako patruila batek zerbait susmagarria ikusi zuen lau autotan erregaia sartzen ari ziren lau lagunengan. Haiengana identifikatzeko eskatzera joan zirenean, batek arma bat atera zuen baina Poliziak atxiki egin zituen. Ia une berean, bi lagun hurbildu ziren beste bi autotan eta horietako batek tiroka ekin zion lau polizien aurka. Jean Serge Nerin polizia bi tirok jo zuten eta, balen kontrako txalekoa zeraman arren, bat besazpitik sartu zitzaion eta biriketako arteria eten zion; ordubeteren buruan hil zen erietxean.
Bi autotan iritsi ziren haiek Poliziak atxikitako kideetako bat eraman egin zuten, beste bik ihes egin zuten oinez eta Poliziak bestea atzeman egin zuen. Beraz, honek ez zuen tirorik bota.
Hilketa ETAk egin duela baieztatuko balitz, hark Frantziako Poliziako kide bat hiltzen duen aurreneko aldia litzateke.
2007ko abenduaren 1ean bi guardia zibil hil zituen Frantzian tiroz, Capbretonen: Raul Centeno eta Fernando Trapero. "Enfrentamendu armatua" izan zen, ETAren arabera.
ETAk iazko uztailaren 30ean egin zituen azken hilketak Calvian, (Mallorca, Herrialde Katalanak): Carlos Saenz de Tejada Garcia eta Diego Salva Lezaun guardia zibilak hil zituen, haien auto azpian jarritako bonba lehertuta.
Politika
Ezker abertzaleak ETAri eta bi estatuei "prozesuarekiko konpromiso zehatzak" hartzeko eskatu die
Atzo Parisen izandako "gertaeren modukoek euskal jendartean zalantza, ziurgabetasuna eta etsipena" sortzen dituztela aitortu du ezker abertzaleak. ETAri "prozesu demokratikoaren aldeko posizioa berresteko" galdegin dio. Polizia bat hil egin zen eta Fiskaltza Antiterroristak baieztatu du erasoaren egilea ETA izan dela. Atxilotutako ustezko etakideak ez zuen tiro egin, ikerketako bertsioaren arabera. Operazio zabala jarri dute martxan Frantzian, hilketan parte hartu zuten ustezko etakideak atxilotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu