Indarrez, borra eta gomazko pilotak erabiliz,eragotzi du Ertzaintzak Tolosan (Gipuzkoa) GALek hildako Lasa eta Zabala oroitzeko egitekoa zen manifestazioa. Martxa egitea eragozteaz gain, sei lagun atxilotu ditu. Agi denez, ertzain etxera eraman dituzte esku burdinak jarrita.
Arratsaldeko zazpietan Triangulo plazan jarria zuten antolatzaileek hitzordua, eta ordurako hamabi bat furgoneta zabaldu ditu Ertzaintzak inguruetan. Zehazki, lau bat furgoneta Trianguloan, eta beste zortzi bat Alde Zaharraren sarreran. Ertzainen presentzia handia zen inguru guztian.
Ordu horretarako asko ziren, halaber, manifestazioa egiteko asmoz Triangulora hurbildutakoak. Lasa eta Zabalaren argazkiak ageri zituzten txartelak erakutsiz egin diete aurre ertzainei, eta orduan oldartu egin zaizkie indarka. Esan bezala, bost lagun atxilotu dituzte. Manifestariak sakabanatu ondoren, inguruko kaleetan jarraitu dute kargek.
Garzonen debekua
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen agindua betez galarazi du Ertzaintzak manifestazioa. GALek duela 25 urte bahitu, torturatu, hil eta kare bizitan hobiratu zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta heriotza horiek oroitaraztea zen manifestazioaren xedea. Funtsean, Espainiako Gobernuak biktima gisa onartuta dituen Lasa eta Zabalaren aldeko manifestazioa debekatu du Garzonek, eta Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari agindu die manifestazioaren antolatzaileei debekuaren berri emateko. Martxa egiteko saioa egiten badute, antolatzaileak atxilotuko dituela ohartarazteko ere agindu zien atzo. Antolatzaileei «talde terroristako kide izatea eta aginte judizialari desobedientzia larria egitea» egotziko diela abisu eman zuen.
Nolanahi ere, manifestaziorako deia egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). «Hipokrisiaren muga guztiak haustea» egotzi dio Garzoni.
1995ean Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak aurkitu eta Tolosara eraman zituztenean ere istilu handiak izan ziren, orduan ere omenaldia debekatu egin baitzuen Ertzaintzak. «Ez ditugu Tolosako hilerrian eragin zituzten irudiak errepikatu nahi», agertu zuten atzo AAMko iturriek.
«Frankismoko tresnak»
Garzon epailearen kontrako hitzak izan ditu AAMk, eta bere «hipokrisia» salatu du. «[Garzon] Frankismoaren garaiko krimenak ikertzeko protagonista bihurtu den aste honetan Lasa eta Zabalaren oroimena ezabatu nahi izateak hipokrisiaren muga guztiak hausten ditu», salatu du. Lasa eta Zabalarekin Frankismoak hainbat euskal herritarrekin erabilitako «tresna berak» erabili zituen GALek, AAMren irudiko. «Bahitu egin zituzten, bortizki torturatu, hil eta desagerrarazi. Diktaduretan ohikoak diren jardunbideak erabili zituzten gerra zikinaren bidez euskal militanteak amaitzeko». Gainera, Frankismoaren ostean Espainian osatu diren gobernuek diktadura garaiko «helburu berbera» izan dutela ohartarazi du: «Euskal Herria desagertzea».
Dignidad y Justicia elkarteak eskatu zion Garzoni gaurko Tolosan antolatutako manifestazioa debekatzeko. Manifestazioa Amnistiaren Aldeko Batzordeek (AAB) eta Askatasunak antolatu zutela argudiatu zuen, eta bi erakunde horiek legez kanpo daudenez ezin dutela manifestaziorik antolatu. Elkarte horrek Garzoni bidalitako idatzian azaldu zuen Lasa eta Zabala ETAko kide jo zituela auzitegiak 2000. urtean. Bi pertsona horiek etakideak zirela ez dago frogatuta, bai ordea, GALek hil zituela eta biktima direla. Horretaz ez du ezer esaten Dignidad y Justicia biktimen elkarteak.
Idatzi hori jaso zuenean, manifestazioaren inguruko informazioa batzeko agindu zien Garzonek Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, berriz, bere iritzia azaltzeko eskatu zion. Herenegun eman zituen agindu horiek Garzonek. Txosten horiek jasota, protesta debekatzea erabaki du epaileak.
AAMren irudiko, «euskal militanteen memoria historikoa ezabatzeko» urrats bat izan da manifestazioa debekatzea. Manifestazioa eragotzi nahi izatearen helburua Euskal Herriak «jasan duen errepresio bortitza ezkutatzea» dela uste du. Nolanahi ere, debekuak debeku, «gure herriaren historia hurbila ezabatzerik» ez dutela lortuko ohartarazi du AAMk.
Politika
Sei lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Tolosan, Lasa eta Zabala oroitzeko manifestazioa eragoztean
19:00etan hasi behar zuen Garzonek debekatutako manifestazioak, eta ordurako Ertzaintzaren presentzia handia zen. Lasa eta Zabalaren aldeko txartelak erakutsi dituzte manifestazioa egiteko asmoz bildutakoek, eta haien kontra oldartu dira ertzainak. Sei lagun atxilotuta eraman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu