Politika

EAJk Ondarroako lau hautetsi alderditik kanporatu ditu, udal karguak hartu ez zituztelako

2007ko abenduaren 7a
13:09
Entzun
Ondarroako (Bizkaia) EAJren bederatzi hautetsik maiatzeko hauteskundeen ondoren udal karguak ez zituzten hartu -EAE-ANV izan zen irabazle bozetan, baina Espainiako auzitegiek baliogabetua zeukaten-, haietatik lau dira alderdiaren afiliatuak, eta EAJren auzitegiak lau horiek alderditik kanporatzea erabaki du, gaur Vocento taldeko egunkariek argitaratu dutenez. EAJk ez du ezeztatu edo baieztatu albistea, gaia barne mailakoa dela argudiatuta.

Bizkaiko afiliatu jeltzale batek alderdian kasua salatzean heldu dion gaiari auzitegiak, eta orain hartu du erabakia. Herrialdeko auzitegiak berretsi beharko du, eta gero nazionalak.

EAE-ANVk Ondarroan ere hauteskundeetan "iruzurra" egon zela salatu zuen, eta bere zinegotziek udal aulkiak bereganatu behar zituela. Ez diete utzi, eta horrek tentsioa eragin du herrian.

Aitor Maruri izan zen Ondarroako EAJren alkategaia maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan. 2003-2007 bitartean Maruri bera izan zen alkate -orduan ere baliogabetua izan zen ezker abertzalearen plataforma-. EAJren afiliatua da hura.

Ondarroako zinegotzi denek erabaki zuten ekainean kargua ez hartzea, PPrenak izan ezik, eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa batzordea sortu zuen gero. Felix Aranbarri (EAJ) jarri zuten batzordeko lehendakari. EAE-ANVk kritikatu egin du batzordea sortu izana, "ez duelako herria ordezkatzen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.