Nafarroako Gobernuaren desioa bete da azkenik: Irulegiko Eskua ezinen da marka komertzial modura erregistratu. Hau da: aurkikuntzaren irudia libre erabiltzen ahalko da. Azken hilabeteotan, hainbat erakunde pribatu ahalegindu dira Irulegiko Eskuaren gaineko eskubide komertzialak eskuratzen, baina gobernua tinko saiatu da hori eragozten, eta, zeregin horretan, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoaren babesa jaso du azkenean. Zehazki, bulego horrek ebatzi du Irulegiko Eskua ez dela behar bezain «bereizgarria» eta, horrez gain, herritarrek nekez hautemanen dutela marka bat bezala. Nabarmendu dute ezezkoa «erabatekoa» dela.
Besteak beste, Aranzadi zientzia elkarteak zituen eskatuak eskuaren eskubide komertzialak. Izatez, haren aurkikuntzaren berri eman baino are lehenago galdegin zuten marka gisara erregistratzen uztea. Joan den urrian jaso dute ezezkoa.
Aranzadik ez ezik, beste hamahiru erakundek ere eskatu dute Irulegiko Eskua marka modura erregistratzea, batera edo bestera. Horietako batek «apainketetan» baliatzeko erregistratu nahi zuen aurkikuntza, diseinurako. Beste hamabiek Sorioneku hitza edo Irulegiko Eskua izena nahi zituzten erregistratu. Orain, denei esan zaie ezetz.
Iragarpenetik urtebete
Hain justu, gaur bete da urtebete Aranzadi zientzia elkarteak Irulegiko Eskuaren berri eman zuenetik. Izan ere, 2022ko azaroaren 14rako deitu zuten horretarako agerraldira, Arangurenen (Nafarroa). Orduan jakinarazi zuten hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena aurkitu zutela. Lau lerroko idazkun bat zuen esku formako piezak: lehen hitzean, sorioneku idatzirik. Hala, aurkikuntza horrek frogatu zuen inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.
Ikusi gehiago:Joakin Gorrotxategi, hizkuntzalaria: «Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»