Sanchezen eta amnistiaren aurkakoek bete egin dute Madrilgo erdigunea

Milaka eta milaka lagunek bete egin dituzte Puerta del Sol plaza eta inguruko kaleak. PPk deituriko manifestazioan Feijook gogor egin du jarduneko presidentearen aurka: «Desohorez iritsi dena desohorez joango da».

PPko kideak gaur, Madrilen, milaka manifestariren artean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Madril
2023ko azaroaren 12a
14:29
Entzun

PPk «espainiarren berdintasunaren alde» protesta egitera deitu zituen herritarrak, eta erantzun zabala izan du igande honetan: Madrilen jendetza batu da Puerta del Sol plazan eta haren inguruetan. Ekitaldian, hango alkateak eta presidenteak zein PPko buruak hartu dute hitza. Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurkako mezuak nagusitu dira haien zein bertaratutako manifestarien artean.

Iristea ere ez da lan erreza izan askorentzat. Metroz joatea erabaki dute askok. «Zeinen ederra dagoen Casa de Campo, bertara joateko ere egun ona zen», esan dio emakume batek berarekin zioan gizonari. Alboan, Espainiako bandera duen haur batek bere aitari: «Hara, jolas parkea! Nik horra joan nahi dut». Baina, ez dira joango Casa de Campora, ezta jolas parkera ere; PPk deituriko manifestaziora doaz.

«Madrilgo metroak jakinarazi du Sol geltokia itxita dagoela», diote bozgorailuek. «Aita non jaitsiko gara?», galdetu du alabak. Erantzuna: «Plaza de Españan». Handik, Puerta del Solera iristeko ez dute mapa beharrik izan, nahikoa zen Espainiako banderadun jendearen arrastoari jarraitzea. Maparik ez, baina pazientzia handia behar izan dute manifestazioaren erdigunera heldu nahi zutenek. Puerta del Soleraino kaleak jendez lepo zeuden, eta bertaratutako asko beldur ziren ea norbaiti pasatzen uzteagatik lekua galdu behar ote zuten. «Gero bospasei baino ez garela etorri esango dute», errepikatu dute behin eta berriz manifestariek. Espainiako gobernuak 80.000 izan direla esan du. Baina hori ere ez zaie nahikoa iruditu: «80.000? lehenengoak!».

12:00etan puntuan, kalean zeudenek oihu egin dute: «Puigdemont kartzelara!». Plazan, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak hartu du hitza, lehen-lehenik. Ostean iritsi da Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea. Herritar askok «presidenta, presidenta» egin dute oihu orduan. Jose Maria Aznar Espainiako presidente oiha ere beraien inguruan izan da, baina ez du hitzik egin. Azkenik, PPko buru Alberto Nuñez Feijoo mintzatu da. Gogor egin du Sanchezen aurka. Adierazi du jarduneko presidentearen «meritu bakarra» izan dela «espainiarrek ordaindu beharko dituzten txeke zuriak sinatzea». Kalean zeudenek «Pedro Sanchez putasemea!» oihukatu dute jarraian.

Manifestariek, besteak beste, «greba orokorra» aldarrikatu dute, baita «bozkatu» nahi dutela ere. Feijook ere hitz egin du horren inguruan. Hauteskundeak PPk irabazi zituela esan du, baita bozak irabazi ez dituenak gobernatuko duen lehen aldia izango dela ere. Gehitu du PSOEk hauteskundeen aurretik hitzemandakoa ez duela bete, eta Sanchezek bere interesei baino ez diela begiratzen: «Pedro Sanchezek ez du eskrupulurik».

PSOEk alderdi kataluniarrekin eta euskaldunekin sinatutako akordioak behin eta berriz kritikatu ditu Feijook: «Ezinezkoa da botoen %6ak dituztenek, bozkatzaileen %100 ordezkatzea». Horregatik, adierazi du Sanchezek dimisioa eman beharko lukeela: «Baina, egingo ez duenez, espainiarrok egingo dugu hori, zibikoki eta demokratikoki». Kalean zeudenetako askok «dimisioa ez, prisondegia» eskatu dute. «Sanchez kartzelara!», oihukatu dute.

Amaitzeko, Feijook manifestariei gogorarazi die badutela norengan fidatu (bere alderdiari erreferentzia eginez) eta Espainian inor ez dela «beste inor baino gehiago» izango: «Desohorez iritsi dena, desohorez joango da. Gora demokrazia eta gora Espainia!». Jarraian, Vox alderdi ultraeskuindarrak deituta, Ferraz kalera joan dira zenbait manifestari.

Jarraian, Ferrazera

«Beste egun batez, Ferrazen gaude!», zioten bertaratu direnek. Hamargarren egunez PSOEren egoitza nagusiaren aurrean batu dira; oraingoan, lehenengoz, egun-argiz. Azken egunetan, gauak aurrera egin ala, istiluak egon dira bertan. Ostegunean eta larunbatean, poliziak esku hartu zuen, eta zenbait lagun atxilotu. Ostiralean, poliziak esku hartu ez bazuen ere, manifestarietako batzuk botilak eta suziriak jaurti zituzten, eta, tartean, kazetari bat zauritu. Igande eguerdian ez da horrelakorik izan.

Egoitzaren bi aldeetan batu dira manifestariak. Bertan izan da Santiago Abascal Voxeko idazkari nagusia, eta zenbait manifestarik txalotu egin dute. Aurreko egunetan bezala, kazetarien aurkako oihuak ere egin dituzte. La Sexta eta Espainiako Irrati-Telebista bertako irudiak ematen hasi direnean, emankizuna oztopatzen saiatu dira, txistuka eta «manipulatzaileak» oihukatuz. Ez dute, ordea, PPren edota koroaren aurkako aldarririk egin. Eta behin baino gehiagotan goratu dute Espainiako Polizia. Halere, irainak, errespetu faltak eta oihu arrazistak ez dira falta izan: «Ez da egoitza bat, putetxe bat da»; «Jauzi egiten ez duena, gorri zikina»; «Marlaska, marikoia»; edota «Moroekin ez duzue potrorik».

Manifestariek ez dute aurreko egunetan bezainbeste denbora iraun. 15:00 aldera jende asko hasi da alde egiten, eta 16:00etarako manifestariak egon ohi diren etorbidea ireki dute trafikoarentzat; jende gutxi zegoen jada PSOEren egoitza alboan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.