Palestinako gatazka

Gazan berehalako su etena ezartzeko deia egin dute Arabiar Ligak eta OICk

Iranek eskatu du Israelgo armada «erakunde terroristatzat» jotzeko, eta erasoaldiak aurrera egiten badu, palestinarrei armak emateko. Hezbollahk esan du Libanoko fronteak «aktibo» jarraituko duela. Erregairik gabe eta etenik gabeko erasopean dago Gazako ospitalerik handiena.

Arabiar Ligako eta OICko parte diren estatuen ordezkariak, gaur goizean, Riaden (Saudi Arabia). TURKIAKO PRESIDENTETZAKO PRENTSA EOITZA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 11
16:59
Entzun

Gazako egoera humanitarioa eta duela hilabete pasatxo hasitako oldarraldia hizpide, Riaden (Saudi Arabia) bildu dira Arabiar Ligako eta OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundeko kideak, goizean. Gazan su eten bat «berehala» indarrean jartzeko, setioa bertan behera uzteko, eta Israeli armak ez emateko eskatu dute Ekialde Hurbileko estatuek. Are, Gazako «katastrofe humanitarioa» ikusita, su eten horrek «baldintzarik gabekoa» izan behar lukeela nabarmendu dute batzuek; alegia, Israelek ez lukeela Hamasek bahitutakoak askatu arte itxaron behar menia indarrean jartzeko.

Israelen aurka gogorrago mintzatu dira batzuk; esaterako, Iran. Israelgo armada «erakunde terroristatzat» jotzeko eskatu du hango presidente Ebrahim Raisik, eta Israelen ofentsiba gelditzeko «ekintza irmoak» hartzea galdegin die eskualdeko bizilagunei. Ekintza horien artean legoke, adibidez, palestinarrei armak ematea, «Israelen erasoaldiak etenik ez badu». Hain justu, Iranen parte hartzeak sortu du gaur ikusmirarik handiena, eta ez aipatutako eskaerengatik soilik. Iranek eta Saudi Arabiak harreman diplomatikoak berrabiatu zituztenetik Raisik herrialdera egin duen lehenengo bisita izan da gaurkoa.

Bilkuraren ondorengo agerraldietan, guztiek gaitzetsi dituzte Israelen etengabeko eta bereizi gabeko bonbardaketak. Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisik, adibidez, Gazako herritarren aurkako «zigor kolektibo bat» egitea leporatu dio Tel Avivi. Edonola ere, ez dute etorkizunera begirako jarrera bateraturik iragarri. Saudi Arabiak soilik aipatu du gatazkari irtenbide bat emateko aukera bat. Haren arabera, Palestinako Estatua eratzea litzateke «bakea eta egonkortasuna» lortzeko bidea.

Israelen erasoen aurka, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek palestinarrak «babestu» ditzala eskatu dio nazioarteari; bereziki, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed bin Salmanen ustez, ordea, «ezer gutxi» egingo du erakunde horrek. «Katastrofe humanitario honek erakutsi du nazioarteko komunitatea eta NBEren Segurtasun Kontseilua ez direla gai Israelen urraketak gelditzeko». Horixe bera egotzi dio nazioarteari Qatarko emir Tamim bin Hamad al-Zanik: «Nola da posible [Israelek] ospitaleei eraso egitea eta munduak isilik jarraitzea?».

Nazioarteari beharrean, herrialde arabiarrei eskatu diete laguntza Hamaseko bozeramaile Osama Hamdanek eta Iyad al-Buzum Gazako Barne Ministeriokoak. Lehenak hori egiteko hiru modu proposatu dizkie: Israelen palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko, lehenik; laguntza humanitarioa, erregaia eta osasun baliabideak Gazara bidaltzeko, bigarrenik; eta Palestinako gatazkari irtenbidea emateko palestinarren eskubideak eta bertsioa oinarritzat hartzeko, azkenik.

Oraindik azken erasoaldi hau Ekialde Hurbil osora zabaldu ez den arren, urriaren 8tik aktibo dago beste fronte bat: Libano hegoaldekoa. Hezbollah milizia ari da hortik Israeli eraso egiten, eta fronteak «aktibo jarraituko du». Horixe esan du gaur Hezbollahko buru Sayyed Hassan Nasrallahk, urriaren 7tik hona egindako bigarren hitzaldian. Are, eraso horiek «gogortu» egingo dituztela iragarri du, «arma gehiago eta hobeak» erabiliz.

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek berehala erantzun die haren hitzei: «Hezbollah gerra posible baterantz eramaten ari da Libano, eta akatsak egiten ari da. Gazan egiten ari garena badakigu nola egin Beiruten».

Katastrofe bat

Oihartzun handia izan zuen duela bi aste Israelek Gazako Al-Ahli Arabi ospitalearen aurka egindako erasoak, baina, gisa horretako lehena izanagatik, ez zen azkena izan. Atzo eta gaur, Israelgo armada etengabe eraso egiten ari zaio Gazako al-Xifa ospitaleari —zerrendako handiena da—. Israelgo tropen arabera, ospitale horren azpian dago Hamasen kuartel nagusia, eta horrek «helburu militar zilegi» bihurtzen du ospitalea.

Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, gainera, ospitalea erregai erreserbarik gabe gelditu da gaur. Argindarrik gabe, ezin izango dituzte artatu hilzorian dauden milaka zauritu eta inkubagailuetan dauden dozenaka jaioberri. «Gure bizitzetako azken minutuak dira hauek», esan dio Al-Jazeera telebista kateari ospitaleko zuzendariak.

Ospitale barruko egoera makurra eraikinaren kanpoaldera zabaldu da. Zenbait hedabidek hango lekukoak aipatuz kaleratu dutenez, ospitaletik ateratzen den orori tiro egiten ari dira soldadu israeldarrak; eta hor kanpoan pilatzen ari dira hildakoen gorpuak eta zaurituak. Eraso horien inguruan «kezka larria» adierazi dute zenbait erakundek, hala nola Gurutze Gorriak, OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta MSF Mugarik Gabeko Medikuak.

Al-Xifari ez ezik, ordea, Israelek Gazako eskola bati ere egin dio eraso gaur goizaldean, argudiatuta Hamaseko kide baten aurka ari zela. Israelgo armadak jakinarazi duenez, hil dute Hamaseko kide hori, baita gutxienez beste 50 zibil ere. Urriaren 7tik hona, 11.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak, eta ia 30.000 zauritu; Israelgo Gobernuak, berriz, eguneratu egin du bere aldean izandako hildakoen kopurua: 1.200 pertsona inguru hil dituzte milizia palestinarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.