Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko «gatazka historikoa» azken legealdian ibilitako bideaz «bestelako batez» konpontzeko akordioa egin dute, JxC Junts Per Catalunyak eta PSOEk, Bruselan. Besteak beste, hori dio itunaren dokumentuak. «Esploratzen jakin beharko den aro ezezagun batean sartu gara», nabarmendu du Carles Puigdemont JxCren buruak, adostutakoaren harira Belgikako hiriburuan irakurritako adierazpen batean. Kataluniako Generalitateko presidente erbesteratuak (2016-2017) aitortu du ez direla «ez hitzez, ez promesez fiatzen», baina adostutakoaren «ahalmena» aldarrikatu du, eta «historikotzat» jo. Hori bai, ohartarazpen bat egin du: negoziazio mahaian bi aldeek adostutako akordioak betetzen ez badira, legealdiak ez du biderik egingo. Eta urratsak egin nahi ditu bai duela hamarkada bat pasa Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente zenak (2010-2016) planteatu eta Moncloak baztertutako itun fiskalean, eta erreferendum adostu baterako bidean. «Ezeren truke delakoa historiaren zakarrontzira bota dugu», azpimarratu du, ERC Esquerra Republicanaren azken urteetako estrategia aipatu gabe kritikatuz.
Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak eta Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariak sinatutako itunak amnistia legeari buruzko oinarriak ere jasotzen ditu. Horrenbestez, berriro Espainiako Gobernuko presidente izendatua izateko moduan da Pedro Sanchez. Datorren astean, azaroaren 15ean eta 16an, dira egitekoak haren inbestidura saioa, Eldiario.es-ek iturri parlamentarioak aipatuz kaleratu duenez.
Cerdan izan da PSOEren negoziatzaile taldearen burua, agerraldi bat egin du Bruselan, eta azpimarratu bi alderdien arteko desadostasunak gorabehera lehentasuna eman diotela horiek «politikaren markoaren» barruan konpontzeari. Bi aldeek izenpetutako dokumentuaren arabera —lau orrialde—, biei iruditzen zaie «autogobernuaren mugak» gainditu beharko lituzketela, baina hori egiteko proposamenak oso desberdinak dira. JxCk proposatzen du autodeterminazio erreferendum bat egitea, Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluak dioena aintzat hartuta. PSOEren planteamendua da, ordea, 2006ko Kataluniako Estatutua «garatzea». Kataluniako herritarrek onartu zuten erreferendum bidez, eta Espainiako Kongresuak gauza bera egin zuen gero. Baina, lau urte geroago, PPren helegite bati erantzunez, Auzitegi Gorenak nabarmen murriztu zuen haren edukia. Erabaki hura jotzen da Kataluniako prozesu subiranistaren hasieratzat. Alde horretatik, Cerdanek gogorarazi du «Konstituzioaren esparrua» dela PSOEren «marra gorria». Horrekin lotuta, hain justu, JxCk eta ERCk ez dute babestu aldebakarreko erreferendum bat egiteko CUPek Kataluniako Parlamentuan aurkeztutako ebazpen proposamena. Gaur bozkatu dute, eta Kataluniako bi indar subiranista nagusiak abstenitu egin dira.
Ikusi gehiago:PPk eta Ciudadanosek Sanchezi leporatu diote «boterean jarraitzeko edozer egiteko» prest egotea
Dokumentuko bigarren puntuan jasota dago «akordioak eta negoziazioak» lehenesten dituztela bi aldeek, «gatazkak» konpontzeko «metodo gisa». Jarraian idatzita dago negoziatutako itun horiek erantzun behar diotela «Kataluniako Parlamentuaren gehiengoaren eskaerei». Horregatik, Puigdemontek mahai gainean jarri nahi izan du «soilik Kataluniako herriak» erabakiko duela Kataluniaren etorkizuna. Generalitateko presidente ohia mintzatu da, hain zuzen, 2017ko udazkenean erbesteratu zenean, lehen agerraldia egiteko erabili zuen areto berean. Alderdiaren beste buruzagiak aurrean zituela hitz egin du.
Akordioaren testuaren laugarren eta azken orrian zehaztuta dago legegintzaldia «egonkorra» izan dadin «ezinbestekoa» izango dela negoziazioetan adostutako aurrerapenak eta akordioak betetzea. Izan ere, negoziazio mahai bat osatzea adostu dute bi aldeek, eta lortutako akordioak eta negoziazio prozesuak «laguntzeko, egiaztatzeko eta aztertzeko» mekanismo bat edukitzea horrek. JxCko buruaren esanetan, mekanismo horrek izan behar du «independentea eta nazioartekoa», eta aurreratu du horretako kideak hautatuta daudela, eta hil honetan aurrenekoz bilduko direla.
Amnistia legeari dagokionez, xehetasun gehiegi ez dira ematen dokumentuan, baina 2012 eta egun artean Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta prozesu judizial batean dauden «arduradunei eta herritarrei» eragingo die. «Hortik aurrera, epaileek erabaki beharko dute nori [eragingo dion]. Ez da izenez hitz egin», azaldu du Cerdanek. Hori bai, argi ez du uzten baina dokumentuak iradokitzen du lawfare-a, hau da, «politikaren judizializazioa» pairatu dutenak ere barruan hartuko dituela legeak. Hain zuzen, hori zen JxCkoen nahietako bat, iruditzen baitzaio Laura Borras alderdiaren presidentea, esaterako, lawfare-aren biktima bat izan dela. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen martxoan, prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta.
Ikusi gehiago:Ferraz kalea Sanchezen aurkako manifestazioen topaleku bihurtu da
Kataluniako bi indar subiranista nagusiek exijitutako amnistia legeari buruzko itun bat sinatu zuten ERCk eta PSOEk urriaren 31n, eta horrek azkartu egin ditu PSOEren eta JxCren arteko negoziazioak. Amnistia legearen xehetasunak izan dira elkarrizketen ardatza. ERCk joan den astean nabarmendu zuenez, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako «errepresaliatu guztiei» eragingo die, «salbuespenik gabe».
Kataluniako beste indar subiranista nagusiak adostutako akordioaren inguruan pozik agertu da Pere Aragones ERCko burua. JxCkoek adostutako itunaren, eta ERCk adostutakoaren artean egon litezkeen desberdintasunez galdetuta, ez du erantzun argirik eman nahi izan. «Garrantzitsuena da, guztiaren gainetik, herrialdeak [Katalunia] irabaztea».
Lege horrek Tsunami Demokratikoko kideak eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetakoak ere hartuko ditu barnean, ERCren arabera. Asteon, hain zuzen, Puigdemont eta Marta Rovira ERCren idazkari nagusia inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek, Tsunami Demokratikoaren kontrako ikerketaren harira. Ari da ikertzen, hain zuzen, ea «terrorismo» deliturik egon ote zen. Buruzagi subiranisten kontra Auzitegi Gorenak 2019ko udazkenean emandako epaiaren ondorengo protesten buruan izan ziren Tsunami Demokratikokoak, eta Manuel Garcia-Castellon epailea ikertzen ari da ea Puigdemontek eta Rovirak ekintza horiek «planifikatu» zituzten.
Hain justu, batez ere Madrilen eskuinek PSOEren eta Kataluniako alderdi subiranista nagusien arteko itunen kontrako protestak areagotu dituzten honetan egin dute akordioa, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak amnistia legearen aurkako ebazpen bat onartu duen honetan, nahiz eta ez duten horren edukiaren berri eman, eta oraindik ez duten erregistratu lege proposamen gisa.
Datorren asteazkenean eta ostegunean da egitekoa Sanchezen inbestidura, eta, ezustekorik ezean, lehen bozketan bertan Kongresuaren gehiengo osoarekin, baiezko 178 botorekin izendatuko dute presidente 2018ko ekainetik Moncloako maizterra dena. Sumarrek, ERC Esquerra Republicanak, JxCk, EH Bilduk, EAJk (biharamunean egin du akordioa) eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak baieztatua dute Sanchezen alde bozkatuko dutela. Amnistiari buruzko lege proposamena ere horiek babestu beharko lukete.
Bruselatik, begira
Zenbait hedabidek Bruselako iturriak aipatuz gaur kaleratu dutenez, Europako Batzordeak azpimarratu nahi du Kataluniakoa «Espainiaren barne auzi bat» dela, eta hori «Konstituzioaren barruan» konpondu behar dela. Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak, hain zuzen, gutun bat bidali zion atzo Espainiako jarduneko gobernuari, «kezka handiak» agertuz ditu amnistia legeaz.
Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak erantzun dio legeari buruzko detaile guztiak emango dizkiola, eta zehaztu dio lege proposamen hori bozkatzea Kongresuari dagokiola, ez dela gobernuaren dekretu bat.