Gobernu osaketa Espainian

PSOEko militanteek gobernu akordioa babestu dute

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko akordioen inguruko galdeketa egin dute. PSEk eta PSNk itunaren alde bozkatzera deitu dituzte afiliatuak.

Eneko Andueza botoa ematen, atzo, Eibarren (Gipuzkoa). JAVI COLMENERO / EFE
xabier martin
2023ko azaroaren 5a
12:45
Entzun

PSOEko afiliatuen gehiengoak Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko akordioak babestu dituzte. Atzo egin zuten galdeketa, eta botoa eman zutenen %87k baiezkoa eman zioten alderdiaren proposamenari. Militanteen %63,4k erantzun zioten galdera honi: «Babesten dituzu Sumarrekin gobernu bat osatzeko lotutako akordioa, eta beharrezkoa den gehiengoa osatzeko beste alderdi batzuen babesa lortzeko asmoa?».

Euskal Herrian, PSE-EEko eta PSNko gidariek baietzaren aldeko mezuak helarazi zituzten botoa ematean. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiak esan zuen ez zela «ezkutuan» ibiliko, eta, Eibarren bozkatu ondoren, ziurtatu zuen «gobernu progresista bat eratzearen aldeko botoa» eman zuela, «Espainian aro berri bat zabaldu dadin, eta azken legealdiko bide orri berarekin jarraitu dadin gobernatzen».

Anduezak azaldu zuen Sanchezen inbestidura akordioen aldeko botoa zera dela, «pentsioak eguneratzearen aldeko botoa, gutxieneko soldata eguneratzearen aldeko botoa». PSEko buruak uste du Espainian gobernua osatzearen aldeko akordio horiek «Kataluniako normalizaziotik harago» doazela, «gobernu progresistaren politikak berreskuratzeko aukera» emango baitute.

PSOEk amnistia lege bat adostu du Kataluniako alderdi independentistekin, betiere Pedro Sanchez presidente izan dadin beste legealdi batez, eta independentisten exijentzia horrek tentsioa sortu du alderdiaren barruan eta boto emaileen artean. Bada, Anduezak uste du atzoko galdeketa «gardentasun ariketa bat» dela, baina baita «Sanchezek egindako politiken aldeko apustu bat» ere.

Katalunia gogoan

Edonola ere, Kataluniako egoera politikoa eta amnistia ezartzeko aukera galdeketaren erdian egon dira, eta PSEko buruak ez zion izkin egin auziari. «Baiezko botoa Kataluniako normalizazioaren aldekoa da», esan zuen, baina, aldi berean, baiezko hori politika progresistekin lotu: «Gazteen geroari, adinekoen zaintzari eta osasun eta hezkuntza sistema publikoak indartzeari baietz esatea da». Esan zuen Madrilen egin diren politikak «eredugarriak» direla Europako Batasuneko kide askorentzat. Horregatik, segurutzat jo zuen afiliatuek babestu egingo zutela «alderdiaren bidea». Gaur jakingo da hori.

Nafarroan ere bozkatzera joan ziren afiliatu asko. Sanchezen konfiantzako kide Santos Cerdanek «ahotsa ozen baliatzera» deitu zituen, «progresismoaren alde». Amnistia negoziatzen aritu da Cerdan, eta «eskubideak defendatzeko» eskatu zuen, «ez dadin atzeraldirik etorri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.