Aitortu dutenez, «berriz elkartu beharrik ez izateko asmoz» sortu zuten zenbait eragilek Gernika-Palestina herri deialdia, eta haren egiteko nagusia zen Palestinari elkartasuna adierazteko joan den larunbatean Donostian egindako nazio manifestazioa. Baina ikusirik Gazan eta Palestina osoan «indarkeria etengabe goraka» ari dela, plataforma «urgentziazko kontsulta» egiten ari da agiria sinatu zuten norbanakoekin eta manifestazioari atxikimendua adierazi zioten sindikatu eta gizarte zibileko erakundeekin, aurrerantzean zer egin erabakitzeko. Edonola ere, eta hori argitu bitartean, «mobilizatzen jarraitzeko» deia egin dute: «Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira».
Ikusi gehiago:Manifestazio nazionalera deitu dute Bilbon, Palestinari elkartasuna adierazteko
Gernika-Palestina ekinaldiak «arrakastatzat» jo du joan den larunbateko manifestazioa, eta kalkulatzen du 30.000 lagun inguruk bete zituztela Donostiako kaleak. Horregatik, eragileen eta herritarren jarrera eskertu du: «Gai lazgarri honen inguruan dauden eztabaida zilegizkoen jakitun gaude, baina azpimarratu nahi dugu askotariko sinatzaileek eta parte hartzaileek oso ikuskera zabalez jokatu dutela, eta erantzun ahalik eta bateratuena eta transbertsalena ematearen garrantzia balioetsi dutela». Haren ustez, mobilizazioa sustatu dutenek jakin dute «bereizten dituenaren gainetik batzen dituena lehenesten», eta eskerrak eman dizkie horregatik.
Ikusi gehiago:Elkartasun oldeak gainezka egin du Donostian
Baina ikusita nazioarteko komunitatean ez dagoela «su eten baterako inolako ekinaldirik» eta herritarrek «genozidioa» pairatzen jarraitzen dutela, herri deialdiak gogoetari ekin dio aurrerantzean zer egin erabakitzeko: «Laster galdera horri erantzun kolektiboa eman ahal izatea espero dugu».