Urkulluk esan du Hezkuntza Legea onartzeko «gehiengo zabal-zabala» lortu nahi dutela

EH Bilduren galderari erantzunez, Urkulluk esan du «batzen dituena» gehiago dela «banatzen dituena» baino.

Iñigo Urkullu Nerea Kortajarenari erantzuten, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 20a
11:51
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan hezkuntza izan dute hizpide, zehazki, EAEko Hezkuntza Legea. Nerea Kortajarena EH Bilduren bozeramaileak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari galdetu dio ea «estrategikoa» den lege bat onartzeko nahikoa izatea gehiengo parlamentario huts bat. Urkulluk ziurtatu du lege proiektu honetan, gainerakoetan bezala, Eusko Legebiltzarraren «gehiengo zabal-zabalena» erdietsi nahi izan dutela, eta hala nahi dutela orain ere. Dena den, galdera batekin erantzun dio Kortajarenari: «Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskal Herria Bilduren arteko balizko gehiengoa ez da hutsa? Hutsa da bakarrik Euzko Alderdi Jeltzalearen eta PSEren arteko gehiengoa, gehiengoa osoa izanik?». Eta ziurtatu dio adostasunetarako prest daudela: «Arlo honetan, batzen gaituena bereizten gaituena baino askoz ere gehiago da».

Ikusi gehiago: Hezkuntza Legeak euskalduntzeko «berme» izan behar duela gogoratu dute Kontseiluak eta hezkuntzako hainbat eragilek

Kortajarenak, ordea, joko arauak aldatu izana egotzi die: «Kontua da lege hau ez dela besteak bezalakoa, eta joko arauak aldatu egin dituzula, aldatu egin dituzuela edo aldarazi dizkizuetela». Nabarmendu du «albiste on bat» eman zutela hezkuntza akordioa lortu zutenean, eta EH Bilduk akordio horretan jarraitzen duela, «arduragatik eta erantzukizunagatik». Eta EAJ? «Zuek non zaudeten ez dakigu. Segun eta gobernuaren zein kideri entzuten diogun: PSEri, Bildarratzi [Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua], zuri edo EAJko beste bozeramaile batzuei. Oraindik zuen aldetik ez dugu bertsio bat eta bakarra».

Aldiz, EH Bilduren konpromisoa «argia» dela ziurtatu du: «Lege on bat lortzea nahi dugu, argia eta ausarta izango dena. Baina ez dugu babestuko euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien legerik. Ez dugu onartuko gobernu koalizio honen, PSEren eta EAJren, barne oreka alderdikoiei erantzuten dien legerik. Eta ez dugu onartuko erantzukizunagatik, hezkuntza itunarekiko leialak garelako eta hitzekoak garelako». Halaber, koalizio abertzaleko ordezkariak egotzi die behin eta berriro egiten dutela herri akordioen alde. Baina: «Lortutako herri akordio bakarra zalantzan dago. Zuk hezkuntza legea onartzeko gehiengo nahikoa zenutela adierazi zenuen irratian irailean».

Eztabaida eragin duen gai bat ere izan dute hizpide: euskaraz ikasteko eskubidea. Jasone Agirrek EH Bilduren izenean esan du eskolako umeen artean ezin dela bereizketarik onartu: «Geure hezkuntza sisteman euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta egon behar da. Eta ez hor bakarrik: aisialdian, jolasetan, ikus-entzunezkoetan eta kirolean ere euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuta egon behar da». Zehazki, hizkuntza ereduak jasotzen dituen zuzenketaz aritu da Ikoitz Arrese legebiltzarkidea. Haren esanetan, «arduragabekeria» litzateke «ziurgabetasun juridikora» eramango dituen zuzenketa bat jasotzen duen legea onartzea. «Are gutxiago gutxiengo baten inposizioaren ondorioz izan bada». Argitasunak galdegin ditu: «Argitu dezagun bakoitzak zer esan nahi dugun, zertan gauden ados, eta hori bera idatzi dezagun zuzenketa batean. Eta ikusiko dugu prozesu honen bukaeran ea alderdi sozialistak eta alderdi jeltzaleak erroldatu duten 5. zuzenketa horrek zentzua daukan eta benetan erantzuten dion adostu nahi dugun horri».

Urkulluk, Ciudadanoseko ordezkariari erantzunez, esan du hizkuntza ereduek jarraituko dutela bermatzen estatutuak eta euskararen legeak jasotzen dituen eskubideak eta printzipioak. Xehatu du ikastetxeek hizkuntza proiektuak egin beharko dituztela eta horiek ereduen sisteman oinarrituko direla. Gainera, horien edozein aldaketa edo garapen estatutuko eta euskararen legeko eskubideak eta printzipioak errespetatuz egin beharko da: «Lege berriarekin, hizkuntza ereduen zeregina da ikasle guztiek eskolatzea amaitzean bi hizkuntza ofizialak eta hirugarren bat menperatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.