Urriko ostiral guztietan dokumentalak hedatzen ditu Zuberoako Pitxu gaztetxeak Mauleko Tokia antzerki taldearen egoitzan. Gaur, Altsasu (Gau hura) filma emanen dute, 20:30ean. Gazte asanblada baino gehiago, “etxerik gabeko gaztetxea” direla erran dute Maika Arla (Ozaze, 2001), Intza Casamajou (Sohüta, 2005) eta Argi Üthürriage (Ozaze, 2001) taldeko kideek.
Nola eta zergatik berpiztu zenuten Pitxu gaztetxea Zuberoan?
MAIKA ARLA: Badu aspaldi aipatzen genuela gaztetxe bat sortzea, ez baikenekien bat izan zela lehenago; Pitxu izan zela jakin genuen, eta ordutik gure helburua zen garaiko dinamika arra hartzea. Haboroxeak lagunak ginen, ikastolatik iragan gara, eta taldea aski errazki egin zen. Lagun arteko ideia zen hastapenean, eta beste batzuk jin ziren biltzar nagusia egin genuelarik.
2022ko otsailaren 25ean egin zenuten biltzar nagusia, gaztetxearen lehen bilkura.
ARGI ÜTHÜRRIAGE: Bilkura handi hura denei zabalik zen, motibaturik denari. Jendea bildu zen; geroztik batzuk joan dira, besteak jin…
Zerk juntatzen zaituzte? Zerk motibatzen zaituzte oro elkarrekin aritzera?
ARLA: Ments dela Zuberoan euskal giro bat gazteendako. Egia da badela Zinka, adibidez, baina badute publiko zaharrago bat, eta guk nahi ditugu gazteak hunkitu. Euskal giroa Zuberoan pizteko sortu genuen.
INTZA CASAMAJOU: Ikusten genuen beste lekuetan ere badela holako dinamika, eta ari ginen zerendako ez sortu hori Zuberoan ere. Hemendik kanpo bizi diren gazteek ikusteko Zuberoan ere badirela euskal gazteak, motibatuak direnak ekimenak sortzeko. Kanpotik ez dira usu jiten Zuberoara, eta batzuek ez dakite badela euskal giroa. Gure artean, bestalde, lagun ginen, baina ez ontsa elkar ezagutzen, eta gure artean euskal talde bat sortzeko parada zen. Joateko gauzak ikustera elkarrekin, adibidez.
ÜTHÜRRIAGE: Hastapenean, lizeoan ginelarik, oroit naiz elkarrizketa bat ukan genuela, udan Itsasuko gaztetxean izan ginela, zinez ontsa zela, eta Zuberoan behar zela halako bat, ber dinamika sortzea, euskal dinamika bat, leku goxo bat gauzak gure maneran eta gure ideiekin antolatzeko.
ARLA: Ikastolatik landa, gainera, lizeoa arte genuen arnasgunea finitu zen: zenbaitzuk Hego Euskal Herrian, baina haboroxeek ikasketak Frantzian egin ditugu. Asteburuan sartzean nahi genuen arnasgune bat. Badira zuberotarrak laguntzera jiten direnak eta erraten dutenak haboro ausartzen direla euskaraz mintzatzen gaztetxean sartu direnetik.
Zer da zuen panorama Zuberoan? Euskal giro bat sortu nahi duzuela diozue, baina pentsa daiteke badela, partez bederen, maskaradekin, adibidez.
ÜTHÜRRIAGE: Badira euskal guneak, Prefosta elkartea [Atharratzen] erraterako, baina guk gaztetxea nahi genuen berpiztu, ez dugu sekula pentsatu beste elkarte batean sartzea.
ARLA: Ments zen, halere, gaualdietan, gazteek gazteentzat antolatu gauzak izatea; zinez gazte gara, eta adin berekoak erakartzen ditugu.
CASAMAJOU: Maskaradetan ez da ber gauza: herrietako dinamika bat da, sortzen dena, eta gero gelditzen. Nahi genuen sortu gauza bat irauten duena denboran, urte osoan. Eta guk sortua izatea hastapenetik, laguntzarik gabe.
ÜTHüRRIAGE: Hori da: dena plantatu gure maneran, lehenik trebes eta gero zuzendu!
Gaztetxe batek usu egoitza bat badu; zuen helburu bat dea?
ARLA: Hastapenean nahi genuen lokal bat. Problema da Maulen lokala ukanez izanen ginela Mauleko gaztetxea, eta nahi dugu, halere, atxiki Zuberoko gaztetxe izaera. Eder atzematen genuen, era berean, herriz herri ibiltzea eta lokala desberdinetatik pasatzea, leku batean blokeatu gabe; hastapenean, bederen. Gero, bai, badugu ideia lokal bat ukaitea egun batez.
ÜTHÜRRIAGE: Orain hasirik gaualdi bat eskuin egiten, bestea ezker, denetara bagoaz, eta jendeak eta lekuak ezagutzen ditugu.
CASAMAJOU: Eta egiazki badira lekuak erabilgarri direnak, hutsik direnak zenbait aldiz. Ontsa da erabiltzea leku batzuk hor direnak, bada jende paketa prest lekuak prestatzeko.
Zer egin duzue orain arte?
ARLA: Orain arte, gaualdiak eta mus txapelketa egin ditugu. Hor, emeia genuen beste zerbait proposatzea, euskararen inguruan beti. Anitzek lotzen dute gaztetxea bestari, baina oraino, haboro, after-ari. Nahi genuen erakutsi gaztetxea beste zerbait ere badela.
CASAMAJOU: Asmo horrekin sortu genuen gaztetxea, Zuberoan sortzeko leku euskaldunak eta kultura eskaintzen dutenak.
ÜTHüRRIAGE: Dinamika sortzea da ideia, ez dira bakarrik bestak.
Hilabete honetan, dokumental festibala antolatu duzue.
CASAMAJOU: Ohartu ginen filmetan badela eskaintza anitz Euskal Herrian, gazteek eginik, eta ez direnak batere ezaguturik edo guti. Egia da hemengo jendeek eta gazteek ez dutela bortxaz ikusten euskara alde horretatik, baina hizkuntza erabilgarria da denarendako.
Egoitza bat alokatzea, edo okupatzea, aipagaietan izan ote duzue?
ÜTHÜRRIAGE: Gaztetxean badira iritzi desberdinak: zenbat buru, hainbat aburu.
CASAMAJOU: Ukan ditugu elkarrizketa anitz horren inguruan. Denek badute iritzi desberdina, baina helburua ez da pagatzea alokairu kario bat hilabete oroz.
Zinka gibeleko egoitzan, Usina xedean, obrak egiten hasi zineten hastapenean.
ÜTHÜRRIAGE: Hastapenean anitz batailatu dugu ea segitzen genuenetz obretan, engaiatzen ginenetz. Bozkekin deliberatu dugu baztertzea xede hori eta berantago ikustea nola joanen den. Ene ustez, ez da oztopo bat lokalik ez ukaitea.
ARLA: Usinakoak ari dira oraino obretan, eta badugu xedea, beharbada, berriz horretan inplikatzeko egun batez. Hor ez ginen heltzen ber denboran Pitxun eta lokalean inplikatzen.