Tel Aviven lur hartu eta gutxira, Gazako Al-Ahli Arabi ospitalearen aurkako erasoaren inguruan Israelek zabaldutako bertsioa hobetsi du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek: «Ikusi dudanaren arabera, badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela». Sekula ez bezalako erasoa izan da bart gauekoa: ia 500 palestinar hil zituzten, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Hamasek Israeli leporatu dio erasoa, baina Israelgo armadak horrelakorik ukatu, eta Jihad Islamikoari egotzi dio bonbardaketa, aipatuz talde armatu horrek «oker jaurtitako suziri batek» jo zuela ospitalea.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu aurretik egin ditu adierazpenok Bidenek. Gero, prentsaurrekoan, iragarri du AEBek Israeli «aurrekaririk gabeko» laguntza militarra emateko asmoa dutela. Hori bai, AEBetako Kongresuan onartu beharko dute lehenbizi. Gazan laguntza humanitarioa sartzen utz dezala ere eskatu dio Netanyahuri, ziurtatuta «inspekzioak» egingo lituzketela, laguntza hori zibilei heltzeko, eta ez Hamasi. Are, iragarri du AEBek 100 milioi dolar bideratuko dituztela Gazako eta Zisjordaniako herritarrei giza laguntza bidaltzera.
Berehala erantzun du Netanyahuk: Egipton gerarazita dagoen laguntza humanitarioa Rafahko pasabidetik (Egipto) Gazan sartzeko baimena emango du, baldin eta «zibilentzako elikagaiak, ura eta botikak baino ez badira»; eta horretarako Israelgo lurraldeak zapaltzen ez badituzte. Izan ere, Israeldik Gazara laguntza sartzen uzteko baldintzatzat hauxe jarri du Netanyahuk: Hamasek urriaren 7an bahitutako herritar guztiak itzultzea.
Bestelakorik adieraziko lukeen frogarik agertu arte, Israel «errugabea» dela sinestea erabaki dute beste batzuek ere, hala nola Ursula von Der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak. Alemaniakoak esan du «argitu» egin behar dela zer gertatu den, eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak bat egin du harekin. Errugabetasun hori berretsi du gaur berriz Israelgo armadak, eta bonbardaketaren ondorengo zenbait irudi erakutsi ditu frogatzat. Argudiatu du irudi horietan ez dela kraterrik agertzen; aurretik Israelek egindako erasoetan, ordea, bai.
Protesta oldea
Edonola ere, gisa horretako azalpenak ez dira nahikoak izango ospitalearen aurkako erasoak eragindako amorrua eta mina baretzeko. Bart gaueko erasoari erantzunez, milaka lagun irten dira kalera bonbardaketa gaitzestera, Zisjordanian —dolu eguna dute gaur, bihar eta etzi, eta saltoki guztiak itxita daude—, Ekialde Hurbilean, Afrika Iparraldean eta Europan. Haserrea are nabarmenagoa da herrialde arabiarretan. Esaterako, Irango Atzerri ministroak Gazari egindako erasoengatik Israeli isunak jartzeko eskatu die OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundeko kideei. Besteak beste, galdegin die petrolioarekin lotutako isunak ezartzea eta Israelgo enbaxadoreak kanporatzea.
Era berean, Rafahko pasabidea itxita mantentzea leporatu dio Egiptok Israeli. Scholzekin egin du agerraldia Al-Sisik, Kairon, eta berretsi du Egiptok ez dituela hartuko Gazako iheslariak. «Gazako biztanleak hona etortzen badira, Israelek Egiptoko lurrei erasoko die, eta horrek kolokan jarriko du Israelen eta 105 milioi biztanle dituen herrialde baten [Egipto] arteko bakea».
Ia osasun baliabiderik eta erregai erreserbarik gabe daude Gazako ospitaleetan. Ondorioz, Al-Jazeera telebista kateak hango zenbait mediku aipatuz kaleratu duenez, zauritutakoak lurrean eta anestesiarik gabe artatzen ari dira. Gauean bonbardatutako Al-Ahli ospitalean, berriz, ehunka daude oraindik hondakinen azpian. OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi duenez, egoera «kontroletik kanpo» dago Gazan.
Halere, erasoek ez dute etenik Gazan. Israelgo armadak berriro agindu die iparraldeko biztanleei hegoaldera ihes egiteko, eta beste bonbardaketa batek gutxienez 37 lagun hil ditu gaur goizean. Zisjordanian, berriz, Israelgo Poliziak 65 palestinar atxilotu ditu, Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. Joan den larunbatetik, 750 palestinar inguru eraman dituzte preso Zisjordanian. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 3.500 palestinar hil eta 13.000 baino gehiago zauritu dituzte.
Horiek hala, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren azken oldarraldia hasi eta hamabi egunera, «berehalako su eten humanitarioa» eskatu du gaur Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek. Erakundearen segurtasun kontseiluko kideek Brasilek ondutako proposamen bat bozkatu dute arratsaldean, zeinak eskatzen duen, besteak beste, erasoak etetea laguntza humanitarioa banatzerakoan, eta gaitzesten zituen zibilen aurkako erasoak. Alde bozkatu dute hamabi herrialdek —hamabost estatu daude kontseiluan denera—, abstenitu egin dira Errusia eta Erresuma Batua; eta, azkenik, proposamenari betoa jarri diote AEBek.
Putin eta Xi ere, elkarrekin
Foku guztiak Bidenen eta Netanyahuren arteko bilerara begira daude, baina izan da beste bilkura esanguratsu bat ere: Errusiako presidente Vladimir Putin eta Txinako lider Xi Jinpingen artekoa, hain justu. Egoera geopolitikoari erreparatuta, bi estatuek atzerri politikako aferetan «jarrera bateratu bat» eta «kooperazioa» bermatzearen garrantzia nabarmendu du Putinek. Are, ohartarazi duenez, «kooperazio hori indartu baino ez dute egingo biei eragiten dieten mehatxuek».
Izan ere, antzeko jarrera azaldu dute bi liderrek Palestinaren eta Israelen arteko gerrari dagokionez ere: batetik, bai Errusiak, bai Txinak, su etenerako deia egin dute; eta, bestetik, nazioarteko gainontzeko estatuek egin dutenaren kontrara, ez dute jendaurrean Hamas gaitzetsi.